20 urte Atarrabiako Txistularien Alardeak, Ismael Yague gidari

Urriak 14an ospatu zen Atarrabiako 20. Txistularien Alardea. Hogei urteotan zuzendari eta buru Ismael Yague izan du kontzertuak.

Ismael Yague atarrabiarrak, 20 urte zituela ekin zion bere herriko Txistularien Alardea gidatzeari, eta aurten, 20.nera iritsi da. Ez da makala erakutsitako konpromisoa eta egindako lana, urte guztiotan. Ospatzeko modukoa, eta horrela egin zuten urriaren 14an kontzertuan une bereziak biziz, hala nola, erraldoi konpartsaren parte hartzearekin kasu.

Udaletxe plazan, eguerdiko ordu batean hasi zen emanaldia The Sun Dance Suite obraren bi atal joz: Ikranian Dream eta Sun Dance. Musika lana Colin Evans musikagilearen da, oraingoan Alfonso Iturriak egindako moldaketan jo zutena. Jarraian Yagüek berak moldatutako bertso herri doinu bat eman zuten, Oskar Estangak jarritako hitzak Mari Mateo abeslariak kantatu zituelarik.

Jarraian, txistulari bakarlari aritu ziren Igor Martinez, Ane Pérez eta Amaiur Guindeo Ana Mari, Isidro Ansorenaren doinu ezaguna eskainiz. Fandangoa, arin-arina eta biribilketa etorriko ziren ostean: Goso, Ederra eta Mari Glori, M.Azurmendi eta J.Alejandrek sinatuak.

Dantzaren ondotik, sosegua, Benito Lertxundi laudatuaren kantu ezagun batekin: Baldorba, Yaguek prestatutako bertsioan. Kontzertuak aurrera egin zuen Ismael Yaguek berak sortutako Manuela Maitia, Julio Sotoren berbak daramatzan Luze karrikak luze! eta Baltsa piezekin.

Kontzertua ixteko, ohi duten legez, Iparragirreren Gernikako Arbola, Karlos Santxez Ekizak egin egokitzapenean eta Agur Jaunak eman zituzten. Propinarako, Zequinha de Abreuren Tico-tico arrakastatsua jo zuten, Xabier Zabalak ondutako bertsioan.

Parte hartzaileak

Atarrabia eta Euskal Herriko txistulariekin batera aritu ziren:

Abeslariak: Maria Mateo eta Sabino Pérez de Ziriza.  Akordeoia: Xabier Olazabal.  Pianoa: Itziar Perez de Ziriza.  Gaita-joleak: Pello Berasategi eta Igor Martinez. Biolina: Ainara Franchez. Perkusioa: Roberto Álvarez eta Aitor Álvarez. Baxua: Xavi Folch Metal boskotea:Iruñea brass. Dantzariak: Naiara Etxarri, Naroa Ayala eta Mikelats dantza taldea.
Atarrabia abesbatza eta Erraldoien konpartsa.
Aurkezlea: Aritz Agirre Escribano.

 

Nafarroako ordezkaritzatik igorrita, kontzertuko hiru bideo labur dituzue hemen ikusgai: