Argazkia: Urduñako Udala
Urduñan Txistu Jardunaldiak izan berri dira Getxa-Goi txistu taldearen eskutik. Antolaketan buru belarri izan den Koldo Ulibarri Oruetak egun horietako berri ematen digu kronika honetan, gogoetarako tartea hartuz eta erronka mahai gainean jarriz.
Igande honetan, irailaren 23an, Urduñako Antiguako Santutegian egin zen Euskal Herriko Txistulari Elkartearen (EHTE) Bigarren Batzar Orokorraren 90. urteurrena bete da, eta urtemuga aitzakiatzat harturik, Getxa Goi txistulari elkartekook hainbat ekitaldiz osaturiko txistu jardunaldiak antolatu ditugu, 23an egindako Nerbioi Arroko Txistularien Topaketarekin burutu zena. Igandea 10:30etan hasi zen, ordu horretan batu baikinen topaketan parte hartuko genuen txistulariak tren geltokian, arroa azken mende eta erdian lotu duen garraioa. Hortik Santutegirako bidea harturik, biribilketa doinuetan heldu ginen gora, bertan ekitaldi nagusia ospatu baitzen. Getxa Goiko txistulariok Urduñako zaindariari eskainiriko Txarlazoko Ama Neskutza obra jo ostean, Urduñako Udalaren kultura zinegotzi eta musikari den Eriz Perezen eta EHTEko presidente den Iñaki Egurenen hitzak entzun genituen. Momentu hori aprobetxatu nahi izan genuen Getxa goiri era anonimo batean heldu zitzaigun liburuki bat emateko Txistulari Elkarteari: 1928 eta 1929ko aldizkariak biltzen dituen liburuki bat, elkartearen galduriko hastapeneko bibliotekaren parte ei zena. Ekitaldia amaitzeko, topaketara hurbildu ziren txistulari orok Alkate Soinua jo genuen bertaratu ziren alkate, kultura zinegotzi eta entzule guztiei.
Festa baina, ez zen Antiguako Santutegian amaitu; indarrak berrartu ostean hirira jaitsi ginen, eta presidentearen hitzak gure eginez (txistulariok bildu eta danbolinak astindu behar ditugu) kalejiran heldu ginen Foru Plazaraino, eta bertan txistularion errepertorioaren obra gutxi batzuk jo genituen: P. Fdez. de Agirreren Día de Banco de Orduña zortzikoa (Txistulari 145, 4568-4569. or) entzun izan zen lehenengo, ondoren Guridiren Mendiko soinuak suitea (Txistulari 4, 44-48. or), hirugarrenik S. Bikandiren Getxa goi pasodoblea (Txistulari 170, 5779-5780. or) eta amaitzeko Arrateren hiru atalak (fandango, arin-arin eta biribilketa; Txistulari 1, 7-12). Kontzertua hasiera baino ez zen izan, horren ostean herriko kaleak alaitzera eta elkarrekin txistua jotzera joan baikinan, goizeko eguraldi eguzkitsuak lagundurik. Amaitzeko anaitasun bazkaria izan genuen, eta txistularion bazkarietan ohiko denez, musika giroarekin amaitu genuen eguna.
Topaketarekin amaitzeko, dantza-plaza eskaini genuen Hiriko plaza nagusian.
Igandea ez zen izan jardunaldien ekitaldi bakarra, eguenetik luzatu baitzen Getxa goik antolaturiko ekintzak. Egun hartan irekitako erakusketa batean, txistuaren ibilbide historikoa aurkeztu genuen, nola Erdi Aroan Europa guztian ezaguna zen flauta eta perkusio tresna bikotea Euskal Herrian errotu eta “txistu eta danbolin” bihurtu ziren. Zapatuan eskaini genuen kontzertuak ere hari horri eusten dio eta entzuleek txistuaren historia hori entzuteko aukera izan zuten, gure musika-tresnarekin hainbat garaietako musikak joaz. Barikuan, ostera, Sabin Bikandi txistulariaren hitzaldia izan genuen eta txistularioi gerora begira jartzen gintuen, txistuak orain arte egindako bideaz eta bide hartan galdurikoen eta irabazitakoen inguruan hitz egiten.
Jardunaldi eta ekintzen kronikaz haratago, elkarteak zerbait atera behar badu, hura da oraindik egitekoa badugula: txistuaren historia ikusteko aukera izan dugu eta gure aurretik egondako txistulariez gogoratu gara eta eurek egondako leku beretan egon gara; alabaina, horrezaz harago, aurrera begira jarri behar dugu. Gure eskualdeko txistu giroan eragin nahi izan dugu topaketa honekin eta horretarako txistularien arteko harremanak sustatu behar ditugula ikusi dugu, jotzeko momentu berriak aurkitu behar ditugu, proiektu berriak martxan jarri eta horretarako leku eta testuinguru ezberdinetako txistulariak batu behar dugu. Guztiarekin, gure ustez zerbait lortu baldin badugu izan da egun polita pasatu dugula txistua jotzen, giro ederrean eta konpainia ezin egokiagoan.
Getxa goi txistularien aldetik eskerrak ematea besterik ezin dugu egin. Eskerrik asko Urduñara hurbildu zineten txistulari eta txistulari ohi guztioi; Amurrio, Laudio, Areta, Arrankudiaga, Orozko, Basauri eta Portugaletetik hona etorri eta giroa edertu duzuenoi; Iñaki eta Jose Luis, hurrenez hurren Elkarteko presidente eta idazkariari; Urduñako Udalari, jardunaldietan lagundu gaituzuen guztioi, musikari, aholkulari edo beste modutan laguntza eman diguzuenoi.
Topaketa hau etorriko diren besteen lehenengoa baino ez izatea espero dugu, nahi Urduñan bertan nahi Arroko beste herriren batean (amua botata dago, ea nork hartuko duen lekukoa…)
Txistua zeinek mututu Nerbioi arroan!
Jardunaldien inguruan gehiago jakiteko irakurri berri hauxe.
Argazkiak berriz, hemen.