Nafarroako Erriberan txistuaren doinuak hedatuz doaz urterik urte. Dantzarako garaian ere, bere lekua egin dute, azken urteetan Erriberako Txistulariek Tuterako jaietako dantzaldiak irekitzeko ardura izan dute.Txistuak Nafarroako hegoaldean hartzen hari den indarraz, baita erraldoiak ere dantzan jartzeko gai dira, hitzez hitz.
Erriberako Txistulariek, 2017tik ardura berri baten jabe egin dira. Tuterako plaza bere egin eta jaietako hiru gautan, dantzaldia irekitzeko mandatua dute. Bertaratutakoei fandangoa, arin arina, polka eta jauzien doinuak eskaintzen dizkiete uztaileko 25, 26 eta 27ko gauetan. Proposamena herriko udalak luzatu zien, eta noski, txistulariek, erronkari heldu zioten, nafar gaita jaun eta jabe den lurraldean leku bat egiten jarraitzeko bidean.
Baina aurretik ere izan zen bestelako proposamenik, orduko hartan Tuterako Erraldoien konpartsak luzatu ziena, erronka hauxe: erraldoi bat dantzan jartzea. Horregatik, 2012tik Kattalina erraldoia gainerakoetatik berezi eta ezberdin egiten duen musika du, txistuarena. Kattalina non, han izaten ditu aurretik Erriberako Txistulariak: Barazkien Jaian, San Ana festetan eta gainerako irteera guztietan.
Hasieran kalejirak jotzen bazituzten ere, azken urteotan baltzak ere jo izan dituzte Kattalinarentzat. Aurten, Sabin Bikandi Belandiak sortutako baltz baten estreinaldia ere egin dute, uztailaren 26an Santa Anako prozesioan.
Erriberako Txistulariek 25 bat urte daramatzate elkarrekin jotzen baina ez dira txistu talde bakarrak Erriberan, Tuteran bertan bi txistu talde ari baitira lanean. Guztion artean txistua hedatzen dabiltza Nafarroako hegoaldean, erraldoiak ere dantzan jartzeko moduko indarrarekin.
Honatx Erriberako Txistulariek igorritako argazki galeria: