Txistulariak ugari Aranoko San Roke egunez

Argazkia: Aranoko txistu topaketa // Mikel Ruiz

Nafarroako Arano herrian, abuztuak 16, San Roke eguna ospatu zuten. Herri txikia izanagatik, txistulari ugari bertaratu ziren egunari doinua jartzera.

Txistulari topaketa ospatzen dute, urtez urte, San Roke egunez Aranon. Urterik urte parte hartzea handitzen ari da, txoko ezberdinetatik etorritako 18 txistulari bildu zirelarik, eta hori ez da gutxi 110 biztanle dituen herri batentzat.

Eguerdiarekin, inguruko herrietatik jendea urbilduz joan zen Aranora, txistuaren soinuek ongi etorria egin zieten orduan. Baselizan egindako mezaren ostean, herri bazkaria izan zen giro ederrean. Bertan omendu zuten Antonio Ezeiza Urruzmendi kanpai-jolea, 50 urteko lanagatik. Horretarako, agurra dantzatu eta hainbat bertso eskaini zizkioten.

Antonio Ezeiza Urruzmendi kanpai-jolea omendu zuten Aranon San Roke egunez // MIKEL RUIZ

Eguna bukatzeko, Agur jaunak eta andreak abestu zuten bertan bildutakoek.

Txistulariak

Herri ezberdinetatik bertaratu ziren txistulariak topaketara. Hernanitik (Gipuzkoa) Patxi Apezetxea, Garbiñe Tijero, Boni Agirresarobe, Joseba San Sebastian eta Karlos Prado izan ziren. Elorriotik (Bizkaia) etorriak berriz, Modesto Lasa de Areso eta Iñaki AzkoagaLekeitioko (Bizkaia) ordezkaritza Markos Zapirain, Koldo San Sebastian, Joseba Izagirre, Asier Gabikagogeaskoa, Iñigo Sagastui eta Gorka Lauzurikak osatu zuten. Gabriel Ugartemendikoa Iruñeatik etorria, Alejandro Egurbide getariarra,  Leitzako Juanmi Saizar , Jesus Loiarte goizuetarra eta Javier Narbarte, Aranokoa bera, osatu zuten taldea.