Argazkia: Bilboko Txistularien Alardea 2017/ Carlos Sagi
Marijaiari agur egiteko tenorean iritsiko da Bilboko Txistularien Alardea plaza Barrira. Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusiak ezin du falta bere txistu kontzertu handia, plaza publikoz betez eta oholtza txistulari eta gonbidatuz.
Bilboko Aste Nagusiko jaietan, azken egunean, Txistulari Alardeak betetzen du plaza Barria. Urteroko zitari kale egin gabe, abuztuak 26 dituenean igoko dira txistulariak oholtzara. Eguerdiko ordu batetan hasiko den emanaldiak ohiko elementuak izango ditu: dantzariak, abesbatza, metal boskotea, konboa, gonbidatuak… eta noski, Euskal Herriko txistulariak.
Bilboko Udal Txistulariek antolatzen dute kontzertua eta hiriko Musika Bandako zuzendari Jose Rafael Pascual-Vilaplanak gidatuko du. Oholtzan, txistulariekin batera San Anton abesbatza, Metal boskotea, Bizkaiko Gaiteroak eta Iñar Sastre teklatuan, Iñigo Eskubi kitarraz, Javier Fernández de Jauregi baxuan eta Ander Hurtado de Saratxo bateria joz osatutako konboa.
Ezin falta gonbidatuak, zerrenda luzea honatx: Oihana Bartra bertsolaria, Iker Alvarez txistu bakarlaria, Xabier Aburruzaga trikitilaria, Arkaitz Pascuas dantzaria, Andoni Aresti dantza eskolako dantzariak eta Ainhoa Gómez Arakistain.
Kontzertua solemnitate ikutuarekin hasiko da Buenaventura Zapirainen Txanton Piperrirekin. Xabier Zabalak sortutako doinuan Herriminari kantatuko diote ondoren. Aipatu musikagilearen beste bi lan izango dira entzungai kontzertuan zehar, aurreko urtetan present egon diren popurrien ildotik, balts eta biribilketa bildumatxo bana.
Musika zeltak bere lekua izango du emanaldian Phil Cunnigham musikariaren doinuekin eta Irish Eyes herrikoiarekin. Jose Ignazio Ansorenak ere, jarriko du bere aletxoa, bereak baitira entzungo diren fandango eta arin arinak: Kaskagorria eta Dantzarakoa.
Euskal dantzetatik rockera jauzi egingo dute txistulariak, Zea Mays talde ezagunaren kantu ezagunagoa joko baitute: Negua joan da. Generoa aldatu gabe, klasiko bati emango diote txanda Itoiz taldearen Lo eginen bertsioa emanez.
Bukatzeko Kepa Junkeraren Irlanda eta Xabier Zabalak Korrikaren kantu ezberdinekin ondutako obra izango dira entzungai.
Egitarau osoa hemen eskuragarri.