Txistu Trio, Jose Ignazio Ansorena, Khami, Lartaun txistu taldea, Easo abesbatza eta txistulariak, Garikoitz Mendizabal… Egunotan, izan diren kontzertuen eta etorriko direnen zerrenda luzea da. Gipuzkoan, txistuaren agenda, bor-bor egiten du abuztu honetan.
Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula Gipuzkoako txistu agendak markatzen duen erritmoari jarraitzea. Horregatik, berriki izan diren kontzertuei eta etorriko diren ekitaldiei errepaso bat emango diegu.
Musika Hamabostaldia
Abuztuaren 2an izan zen inaugurazioa, eta txistuak leku zabala bete zuen. Txistu trio taldeak bi kontzertu eskaini zituen Donostian, goiz eta arratsaldean saio bana. Taldea Haritz Ezeiza, Peio Irigoien eta Oskar Ovejerok osatzen dute. Emanaldian W.A. Mozart, J. Lekunberri, H. Extremiana eta A.H. Olazaranen obrak jo zituzten.
Egun berean, Donostiako Udal Areto Nagusian, Easo abesbatzak eta txistulariek (Tolosa, Errenteria eta Zumarragako txitulariz osatutako tistu banda) kontzertu monografikoa egin zuten, Pablo Sorozabal musikagileari omenaldia eginez.
Abuztuaren 12an berriz, Jose Ignazio Ansorenaren txanda izango da. Koro Saenz organo jolea eta Amaia Arberas sopranoarekin batera arituko da, San Bizente parrokiako organoak 150 urte betetzen dituela ospatuz. Eliza horretan bertan izango da emanaldia, arratseko 8etan. Kontzertuak lau zati izango ditu: lehenengoan, organoa arituko da bakarlari; bigarrenean, sopranoa eta organo jolea elkarrekin; ondoren txistu eta organo bikotea; eta azkenik, hirukote moduan organoa, txistua eta ahotsa. Besteak beste, Luis Aranburu, Tomas Garbizu eta Pablo Sorozabalen obrak izango dira entzungai. Egitarau osoa hemen duzue.
Garikoitz Mendizabal
Zestoarra Khami taldearekin aritu zen Zumaian abuztuaren 2an. Carlos Sagi perkusio jolearen proiektuan, Iñaki Salvador eta Iraide Ansorena dihardute.
Abuztuaren 24an berriz, Xabier Zabalarekin joko du Zarautzen, Santa maria parrokian gaueko 10etan. Bikoteak ez du bakarrik joko, ondoan izango dute Kabestri Ensenble taldearen hari boskotea, tronpak eta perkusioak. Hori gutxi ez balitz, hainbat gonbidatuk parte hartuko dute: Korrontzi taldeko Agus Brandiaran trikitilaria, Alberto Urretxu tronboi jolea eta Miren Fernandez abeslaria. Emanaldia, Zarautzen egiten den Udako Musikaldiaren egitarauan txertatuta dago.
Lartaun txistu taldea
Oiartzunen, Soinuenea fundazioak bere egitarauan Lartaun Txistu taldearen hainbat ekintza jasotzen ditu. Hilak 3, 4, 5 eta 6an, goiz eresiak egingo dituzte 9etan. Abuztuaren 3an, 43.Kontzertu Herrikoia eskainiko dute. Azkenik, hilabeteak 5 dituenean Dantza Bilera egingo dute 19:30ean.
Txistuaz gozatzeko hamaika aukera Gipuzkoan egunotan. Oraindik orain ekitaldi gehiago ere izango dira, eta nola ez, Donostiako Aste Nagusiko Txistu kontzertua. Adi beraz, agendari.