Donostiako Aste Nagusian, alde zaharraren bihotz den plaza, bete egiten da urtez urte. Aurten, abuztuak 11n gertatuko da hori, egun horretarako antolatu baitute, Txistularien Kontzertu Nagusia.
Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusia ezin da ulertu txisturik gabe, eta aurten, ezin bestela izan, ez da faltako Konstituzio plaza lepo bete ohi duen Txistularien Kontzertu nagusia. Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean abuztuaren 11n, larunbatez, 20:30ean izango da hitzordua.
Emanaldian ez dira faltako donostiarren bihotza eta memoria hunkituko duten hiriko kantuak. Dantza ere presente izango da, oraingoan, Oñatiko dantzak izango dira protagonistak.
Kontzertuaren ezaugarri izaten dira gonbidatuak, eta ez dira ez faltako. Batetik, Kupela taldekoak izango dira. Xabier Zabale eta Anjel Larrañaga taldekideek lau pieza emango dituzte txistulariekin batera.
Arrangoitzetik berriz, aurkezpenik ez duen Anje Duhalde ere izango da oholtzan, bere ibilbide arrakastasuko lau kantu ezagun eskaintzeko.
Nafarroatik berriz, bi txistulari arituko dira bakarlari, nor baino nor, Xabier Olazabal eta Aitor Urkiza, hauek ere txistularion artean aski ezagunak.
Horrez gain eskenatokian izango dira abesbatza, Onatz dantza taldea, Haizea Muñoz eta Eneko San Sebastian abeslariak, Villabonako Oinkari dantza taldea, Lander Diaz de Gereñu txistu bakarlaria…
Egitaraua hemen ikusgai.