Zumarragako ezpatadantzaren magia ipuin bihurtu dute txistu eta dantza taldeek

Ilustrazioa: Josu Maroto Peñagarikano

Antxiñako Ama txistu taldeak eta Irrintzi dantza taldeak elkarlanean Zumarragako (Gipuzkoa) ezpata-dantzari buruzko ipuina argitaratu dute. Historia eta irudimena uztartuz ondu dute lana Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) testua jarriz eta Josu Marotok (Zumarraga, 1975) ilustrazioz hornituz.

Zumarragako txistu taldeak 50 urte bete ditu, eta horren karietara hainbat ekimen gauzatu ditu. Horietako bat, urteurrena ere betetzen duen dantza taldearekin bat, Zumarragako ezpata-dantza ipuin ilustratu bihurtzea izan da. Lana Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza izenburupean argitaratu berri dute. Egileak Antxiñe Mendizabal kazetari eta idazlea, eta Josu Maroto ilustratzailea izan dira.

Dantzan.eus web gunean horrela azaldu dute egileek hartutako bidea: Juan Antonio Urbeltz folkloristak urteetan ezpata-dantzaren inguruan garatutako hipotesiaren alde egin du Antxiñek, hipotesi horren arabera, ezpata-dantza ez da gerra dantza, elkarbizitza errazteko dantza baizik. Ezpaten dantza elkarbizitza errazteko errito poetiko gisa ikusteko aukera ematen du eta metafora horrekin ehundu dituzte hitzak nahiz ilustrazioak, iraganaren ahanzturaren aurkako konjuruak izan daitezkeenaren esperoan.

Pertsonaiak

Oihan txistularia eta Argi dantzaria dira ipuin honetako protagonistak. Istorioa ezpata-dantza egin bezperan abiatzen da. Bi pertsonaiek aurrenekoz parte hartuko dute ekitaldian, baina orduan ezusteko gertatuko da.

Dibulgazioa eta dibertsioa nahastuz, fikzioa eta historia uztartuz egiten du aurrera ipuinak. Kontakizunak atzera bidaia bat ere egiten du, ezpata-dantzaren melodia nola sortu zen argituz. Laguntasuna eta abentura ere osagarri ditu istorioak. Dudarik gabe konbinazio aproposa transmisioan urratsak emateko.