50. urteurrena ospatzeko, liburua eta kontzertua dakarte Zeanuriko txistulariek

Argazkia: Zeanuriko Txistulari Taldea (40. urteurrenekoa)

1968. urtean sortu zen Zeanuriko (Bizkaia) Txistulari Taldea. 50 urtebetetzea ospakizunez bete dute, bi ekimen azpimarragarrirekin: batetik, transmisio eta memoria ariketa izan nahi duen Txistulariok badaragiogu liburua eta bestetik, 150 parte hartzaile eta hainbat gonbidatu ospetsu bilduz Ruper Lekue musikariaren zuzendaritzapean ekainak 16an egingo den kontzertua.

Ospatzekoa da 50 urte betetzea, ez da dudarik, eta hala dabiltza Zeanuriko Txistulari Taldeko kideak ere.  Alde batetik, beren historia eta istorioak jazo eta transmititzeko ahalegina egin dute Txistulariok badaragiogu izenburu iradokitzailea duen liburua kaleratuz. Bestetik kontzertu handia prestatu dute ekainak 16rako Zeanuriko frontoian.

Argitalpena

Belaunaldiz belaunaldi jazo dutena, katea eten ez dadin, hurrengokoei helarazteko nahiak bultzatuta argitaratu dute liburua. Horrela azaldu dute egileek: ” joandakoa, egindakoa jaso beharrean gara; baina, datorkeenari oinarriak eta baliabideak jartzea ere ezinbesteko jaku, txistulari taldeak jardunean, ekimenean jarraitzeko.”

Ehundik gora orrialdeko lan mardula osatu dute, taldea sortu aurreko kontestuaren azterketatik hasita, lehen urratsak,50 urteko ibilbidearen errepasoa, kronologia, jarduerak funtzioak, kontzertuak, ikasketak, ekonomiaren kudeaketa eta bidaiak azaltzen dituzte. Horrezgain, Arratiako bailara txistuari loturiko gaian lantzen dute eta dantzari zein dantzariei atal mardul bat eskaintzen diote.

Liburuak Gontzal Mendibilen hitzaurrea darama eta Erroteta argitaletxeak kaleratu du.

Kontzertua

Ospakizunetan ginda jartzeko kontzertu handia prestatu dute ekainak 16rako. Emanaldi berezi honetarako, Zeanuriko txistulariekin harreman izan dituzten txistulariak gonbidatu nahi izan dituzte. Horrela Bilbo, Galdakao, Gernika, Zornotza, Durangaldea, Otxandioko eta Gasteizko 50 txistulari etortzea espero dute.

Hiru abesbatza baturik 60 kantari izango dira oholtzan, Igorreko Luis Iruarrizaga, Gasteizko Arantzabela eta Zeanuri abesbatzak batera ariko baitira.

Dantzariak ere ez dira faltako, 40 inguru elkartuko dituzte: Zeanuriko Etzandereak taldea eta Arrikibar gaztetxoen taldea eta Igorreko Arantzarte.

Horri, gonbidatu zerrenda dirdiratsu eta luzea gehitu beharra dago, bertan izan dira eta: Gontzal Mendibil, zeaniarra, kantari ezagun askoa eta  txistulari izana herriko taldean; Mikel Urdangarin, kantari ezaguna eta Zeanuriko txistularien laguna; Nerea Zuloaga, Areatzako Leonardo Zuloaga txistulari lagun eta ezaguna izandakoaren iloba; Esti eta Olatz, Zeanuriko bikote kantari gaztea; eta, Kepa Junkera, gaztea zelarik bertako txistulariekin harremana izandakoa.

Bestalde,  metal boskotea (2 tronpeta, 2 tronboi eta tuba), gitarra, baxua, teklatua eta bateria izango dira txistuaren ondoan. Guzti-guztia Ruper Lekueren zuzendaritza pean, txistulari, musikari, orkestra eta abesbatza zuzendari ezaguna.

Egitaraua

Raimundo Sarriegiren Ohorezko kontrapasarekin hasiko da kontzertua, jarraian lau abesti izango dira: Ansorena eta Egañaren Herri, Benito Lertxundiren Erribera, eta Mikel Urdangarinen Munduari begiratzeko eta Inurriak. Josu Elberdinen Iaute, Iaute eta Pantxoa eta Peioren Azken dantza ezaguna etorriko dira gero. Lertxundiren Txori txikia eta Gontzal Mendibilen Araba Bagare kanta arrakastatsuekin jarraituko du kontzertuak.

Iparragirreren Trapu zaharrak indartsuak Muskerraren baltsa Kepa Junkeraren doinu lasaiagoari emango dio txanda. Ondoren, Sabin Bikandik sortutako Alejandrona jota eta porruarekin dantzariak arituko dira, Xabier Zabalak egin Biribilketen poupurri batekin kontzertua ixteko, azken bis sorpresa baten zain, agian.