Ereintzako txistulari beteranoen emanaldi berezia

Argazkia: Errenteriako Udala

Bihar, maiatzak 12, Ereintza Txistu Bandako beteranoek kontzertu berezia eskainiko dute Errenteriako (Gipuzkoa) Santa Maria Magdalena basilikan, arratsaldeko 8etan. Donostiako eta Errenteriako kanta zaharrak gogoan izenburupean egingo dute emanaldia.

Kontzertua Josetxo Oliverik zuzenduko du eta Ereintza Txistu Banda, 1966an sortu zenetik izandako hiru txistu banda ezberdinetan aritutako musikariek osatuko dute. Beterano Txistu Banda honek, lehen kontzertua, Ereintza elkartearen urrezko ezteien harira eman zuen 2008an. Orotara 11 txistulari, 2 atabalari, 2 tronpeta-jole, teklatu-jole bat eta bi abeslarik parte hartuko dute emanaldian.

Egitarauaren lehen zatiak donostiar kutsua izango du, Jose Luis Lakunza tenorraren eskutik Habanera del Guria eta Donostiako Hiru Damatxo entzungai izango dira. Azken honetan, Mikel Oliveri izango da bakarlari. Juanan Laboa tenorrak berriz Idiarena eskainiko du eta Errenteriako Idiarena kantu ezezaguna.

Horrela bigarren zatiari ekingo zaio, non Errenteriako musikak protagonismoa izango du. Himno de Ereintza Jose Inazio Usandizagak konposatua, Alborada Jeiki Jeiki Felix Lavillarena, Ihauterietako gerraurreko lau diana eta bukatzeko No te olvido diana joko dute Beñat Arbelaiz eta Xabier Susperregi tronpeta-joleen laguntzaz.