Janitz Enparantza, Leire Retegi eta Iruñea taldea garaile Hernaniko Gazte Txapelketan

 Aurtengo Hernaniko XIII. Txistulari Gazteen Txapelketak baditu irabazleak. Gaur, martxoak 24, ospatu da lehiaketa. Goizeko txandan, 11:00etan A eta B kategoriakoak lehiatu dira eta arratsaldeko 17:00etan D kategoriako taldeak aritu dira buruz-buru. Honatx emaitza.

12 urtez azpikoen kategorian, Janitz Enparantza Alustiza donostiarrak eskuratu du lehen postua. B kategorian, 13-16 bitarteko bakarlarientzat dena, Leitzako Leire Retegi Fernandez izan da garaile. Taldeentzat zuzendutako D kategorian, berriz, saria Nafarroako hiriburura joan da, Iruñea Taldeak irabazi baitu.

A kategoria

17 txistulari lehiatu dira, 12 urtez azpikoak. Sei nafar, hamar bizkaitar eta gipuzkoar batek hartu dute parte kategoria honetan. Lehenengo saria Janitz Enparantza Alustizak eraman du. Hamabi urteko donostiarrak 160 euro, txapela eta oroigarria jaso ditu, Gorka Zabaleta txistulariaren eskutik. Irabazleak jotako obra Pello Joxepe izan da. Obra bera joz, bigarren postua, Sara Alzuguren Zabala beratarrak eskuratu du. Sari gisa 110 euro eta oroigarria jaso ditu 12 urteko gaztetxoak. Azkenik, hirugarren saria, Egoi Irigoien Arretxeak irabazi du. Sunbillako 11 urteko mutilak Albizorban izeneko pieza jo du, 60 euro eta oroigarria eskuratuz.

B kategoria

Kasu honetan 16 txistularik izena eman dute, 13-16 urte bitartekoen kategorian. Guztien artean Leire Retegi Fernandez leitzarra gailendu da, Txori Hegada obra interpretatuz. 200 euro, oroigarria eta txapela izan ditu sari, Fernando Aurrekoetxeak eman dio saria 15 urteko nafarrari. Bigarren, 150 euro eta oroigarria eskuratuz Ane Telletxea Iturralde hernaniarra. Lehiatzeko Artzain Xarma pieza aukeratu du 15 urteko gipuzkoarrak. Hirugarren postua berriz, Mikel Gonzalez Balanzategik erdietsi du. Durangoko 14 urteko gazteak 100 euro eta oroigarria jaso ditu, 4.Kontzertuko sarrera eta Goraintziak jotzeagatik.

D kategoria

Txistu taldeen arteko txapelketa izan da kategoria honetan. Lehenengo saria, 320 euro, oroigarria eta txapela biltzen zituena, Iruñea Taldeak eskuratu du. Peio Irigoienek banatu du saria, kasu honetan. Nafar taldearen ostean, bigarren lekuan, Hernaniko Txilibita izan da. Hauek, 220 euro eta oroigarria eraman dute. Hirugarren postua, hau ere Iruñeara joan da, Saraya Taldeak eskuratu baitu: 120 euro eta oroigarria.

Partehartzea

A sailean 17 txistularik esku-hartu dute.  Sei nafar, gipuzkoar bat eta hamar bizkaitar. B sailean berriz, nafar bat, bost gipuzkoar eta hamar bizkaitar, hamasei orotara.