Xabier Olazabal Etxegiak, Haize Hegoak txistu bandako kide eta Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioko txistu irakasleak sinatutako kronika duzue hau. Martxoaren 16an egindako kontzertua du izpide, eta bide horretatik zenbait gogoeta ere plazaratzen ditu.
Pasa den martxoaren 16an, 19:30ean Iruñeako Sanduzelai auzoko Civivoxean, Hego Haizeak Txistu Bandak txisturako musika garaikidearen adibide bat aurkeztu zuen. Udalak antolatutako ziklo honek, urteak daramatza martxan eta txistulariok zikloko hainbat ekitalditan izan gara. Esaterako, orain bi urte Garaikideak Ensenblearen taldearekin Aitor Urkizak eta nik neuk, Urtzi Iraizozen “Danza del Solsticio” eskeini genuen; pasa den urteko ekitaldian, berriz, Iraizozen Xendrak proiektua entzungai izan zen, non Aitor Urkizak, Alfonso Iturriak, Karlos Peñarandak, Urko Arozenak eta nik parte hartu genuen; aurten Urkizak bultzatuta, Hego Haizeak txistu bandaren emanaldia. Honek erakusten du Nafarroan, eta batez ere Iruñean, txistua eta txisturako musika indartsu dagoela.
Hego Haizeak-en barnean, aipatutako Urkizaz gain, Ainara Martínez, Karlos Peñarandak eta nik jo genuen, Beñat López atabalariaren laguntzaz. Oraingoan, Iker Oiz bideogile eta teknikariak prestatutako bideoak ere ikusgai izan ziren, kontzertu multidisziplinar bat osatuz, musika eta irudia uztartuz.
Kontzertu honen xedea txisturako azken urteotan idatzi diren estilo ezberdinak azaltzea zen. Horretarako konpositore eta formazio ezberdinez osatutako obrak eskaini ziren:
Lehena “Honai” izan zen, Extremianak idatzi, Amilibiak eta Hontoriak estrenatu eta egun txistuko obra klasiko bat izateko bidean dena. Urkizak txistuan eta nik akordeoian eskeini genuen. Bigarren obra “Hiru gutixi”, Urtzi Iraizozena, non musikariak beti ez dauden ikuslegoaren bistan eta estereofoniak paper garrantzitsua duen. Martinezek eta Urkizak jo zuten, primeran gainera, bi txisturekin. “Zugarramurdi” obra izan zen hurrengoa, Urkizak, Peñarandak eta nik joa, bi txistu eta silboteaz. Oso obra zaila da, batez ere erritmikoki lehen eta bigarren txistuen perkusio ezohikoak elkartzen. Izan ziren inperfekzio zenbait, baina orokorrean obra publikoari gustatu zitzaion. “5 Pequeñas Piezas para Txistu”, txistu eta danbolinerako Joxean Llorentek idatzitako obra Ainara Martinezek jo zuen. Nik obra hau kontzertu honetarako landuz ezagutu dut, eta uste baino zailagoa da, luzea eta konposatzaileak trasmititu nahi duena entzuleari azaltzeko zaila. Rodrigo de Santiagoren bi obra izan ziren jarraian, “Nocturno y Final” eta “Fantasía Homenaje”. Bi hauek ez dira azken urteetan idatzitako obrak, baina Santiagoren obrak bere garairako lengoaia aurreratua zuten eta hori erakutsi nahi izan genuen gure kontzertuan. Nere irudikoz, “Fantasía Homenaje” izan zen hobekien entzun zen obra, oso enpastatua eta musikariok, Urkizak , Peñarandak, Lópezek eta nik neuk oso kontzentratuak aritu ginen.
Azkenerako utzi genituen bi obra berezienak. Lehena “Zargan”, Silboberri elkarteak María Eugenia Lluc koposatzaile eta Musikeneko irakasleari enkargatutakoa, txistu eta eletronikarako idatzitako obra, Ainara Martinezek jo zuena. Ez dakit baden formazio honetarako beste obrarik, baina oso elkartze interesgarria proposatzen du Lluc andereak obra honetan. Txistuaren eta grabatutako musikaren soinuak primeran uztartzen dira eta bien arteko elkarrizketa nabaria da. “Suite Atlántica”, Joaquín Lekunberri nafarrak txistu eta marinbarako idatzitako obra izan zen azkena entzuten. Marinbarik ez genuen eskura eta horregatik, nik akordeoirako moldatu nuen instrumentu polifonikoaren atala eta emaitza mundiala da. Ez diogu oraindik musikagileari erakutsi, baina nire ustez emaitza oso ona da. Akordeoirako ez da bereziki zaila eta emaitza, esan bezala, nire oso gustukoa izan zen. Nirekin batera Aitor Urkizak jo zuen.
Gogoetarako tenorea
Lan asko egin dugu kontzertu hau prestatzen, ikaragarria, eta kontzertuan hori ikusi zen. Ez zen gure egunik hoberena izan, zuzeneko kontuak, baina joan zen entzuleri urriari gustatu zitzaion. Honek, niri, gogoeta bat eskatzen dit.
Lan asko egiten ari gara azken urteetan Nafarroan txistua bultzatzeko, mota ezberdinetako kontzertu asko prestatzen eta aurrera eramaten, baina gure musika eskoletan, ikasleen matrikulazioa, behera doa nabarmen. Gainera, San Ferminetako Alardea alde batera utzita, kontzertu gehienetan ikusle gutxi izaten gara. Horren esanahia, gure lan egiteko era okerrekoa dela ote da? Beste estrategia bat bilatu behar al dugu? Zein? Ez dakit Euskal Herriko beste lurraldeetan egoera zein den, baina ikaslerik ez badugu, txistuak aurrera egitea benetan zaila izango da, egungo ikasleak baitira gerorako txistulari eta txistuzaleak.
Denborak emango digu erantzuna, baina txistuaren mundutik, guztion balorazio bat behar dela deritzot.