Ansorenak eta Donostiako Udal Txistu Bandak, masterclassa eta kontzertua eskaini zituzten Iruñeako kontserbatorioan

Masterclassa eman zuen Jose Ignazio Ansorena maisuak otsailak 27 eta 28an Iruñean. Borobiltzeko, Donostiako Udal Txistu Bandaren kontzertua izan zen, nafar musika eta musikagileak gai hartuta.

Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioak eta Donostiako Udal Txistu Bandak urteak dira elkarlan hitzarmena dutela. Horrela, txistu bandak kontzertua eskaintzen du Pablo Sarasate kontserbatorioan urtero eta bertako ikasleek, berriz, Donostiako taldearekin egiten dituzte praktikak. Xabier Olazabal Iruñeko kontserbatorioko irakasleak azaldu digunez, aurtengoan, ohiko kontzertuaz gain, masterclass bat eskeintzea proposatu zion Ansorenari. Eskaintzari, hiru saioko ikastaro batekin erantzun zion maisuak. Asteartean goiz eta arratsaldez, eta asteazkenean goizez, izpide izan zituen txistuaren historia, errepertorioa, Donostiako Udal Txistu Bandaren bilakaera… Hitzak eta doinuak jarri zituen Ansorenak, izan ere, txistulari zaharren doinuak entzun, genero ezberdineko piezak jo eta akordeen gaineko inprobizazioak egiteko parada ere eman zuen. Biziki interesgarria izan zen Piterrek nola lotu zituen gaiteorikoak bere bizipen aberasgarriekin” Olazabalen hitzetan, “adi-adi geunzkan maisuak.”

Kontzertua

Otsailaren 28an, arratsaldeko 19:30ean Remacha entzutegian, kalean ikaragarrizko euri jasa ari zuela, Donostiako Udal Txistu Bandaren txanda izan zen. Kontzertua nafar musika eta musikagileak izan zituen izpide . Obra klasikoak: Aita Olazaranen “Txoriak”, Aita Donostiaren “Eztei Taldea”, Rodrigo de Santiagoren “Erraondoko Azken Ttunttuneroa”, Tomas Garbizuren “Baztan”, Lorenzo Ondarraren “Nafarroako Joku Dantzak” izan ziren. Obra ezezagunagoak edo berriagoak ere jo zituzten: Luis Elizalderen “Pasacaglia eta Fuga”, Urtzi Iraizozen “Lesaka”  eta Lorenzo Ondarraren “Aitziber” kasu. Azken lan horretan, Jon Ansorenaren lana azpimarratu du Olazabalek “ederki aritu zen, silboteari melodia goxo, sentikorrak ateraz. Kontzertu zinez polita eta gozatzekoa.” Konserbatorioko ikasle Leire Retegi, Aitor Huarte eta Maite Lomasek ere parte hartu zuten emanaldian.

Eguraldi kaxkarra izan arren, entzule ugari bertaratu ziren, eta antolatzaileek azpimarratzen dutenez, giro bikaina izan zen. Hala ere, penaz, publikoan kontserbatorioko ikasle eta irakasleen falta sumatu baitzuten. Baina “irrifarra ahoan zutela, bertaratutakoek zinez gozatu zuten”, diosku Olazabalek, “oso gustora gelditu ginen, berriz errepikatzeko gogoz!”.