Badator, Hernaniko Txistulari Jaialdia

Ainara Azpiazu, ‘Axpi’ ilustratzaileak egin du aurtengo kartela.

Urtero bezala, bi egunetan ospatuko da Hernaniko Txistulari Jaialdia. Martxoaren 24an, “Hernaniko XIII. Txistulari Gazteen Txapelketa” ospatuko da, eta martxoaren 25ean, Txistulari Topaketa. Izenemateak irekita daude txapelketarako, eta bazkarietarako.

Hernaniko Txistulari Jaialdiak hamairugarren edizioa izango du aurtengoa. Martxoaren 24 eta 25ean ospatuko da, ohi bezala, bi egun hartuz.

Batetik, martxoaren 24an, Hernaniko XIII. Txistulari Gazteen Txapelketa egingo da, eta bertan parte hartzeko, martxoaren 14a baino lehen emen behar da izena. Hiru kategoria izango dira, bertan:  A kategoria, 12 urte edo gutxiago dituzten bakarlarientzat; B kategoria, 13-16 urte bitarteko bakarlarientzat; eta D kategoria, taldeentzat. Azken hauek, gutxienez hiru lagunekin osatu beharko dira, eta gehienez, zortzi lagunekin. Joko dituzten obrek, berriz, gehienez 5, 6 eta 8 minutuko iraupena izan beharko dute, hurrenez hurren, kategoria bakoitzari dagokionez. Ikusi oinarriak, hemen: Hernaniko Txapelketa – OINARRIAK 2018

Bestetik, martxoaren 25ean Txistulari Topaketa egingo da, 10:00etan udaletxeko arkupeetan elkartuta. Egun batean zein bestean, txistulariekin bazkaltzeko aukera izango da, baina horretarako, izena eman behar da, martxoaren 14a baino lehen. Martxoaren 24an Hernaniko Xalaparta elkartean egingo da bazkaria, eta 15 euro balioko ditu (txistulari eta atabalariek, doan). Martxoaren 25ekoa, berriz, Otsua-enea sagardotegian egingo da; txistulari eta atabalariek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, 30 euro.

Izenak eman edo informazio gehiagorako, idatzi txistularitxapelketa@gmail.com helbide elektronikora.

Asteburuko egitaraua ikusteko, berriz, egin klik hemen: Egitaraua 2018.