Araba Txistu Bandaren aurkezpena, Legution

Araba Txistu Banda.

Martxoaren 11n Legution emango du estreineko kontzertua Araba Txistu Bandak. Jose Luis Cantabranak, Iker Larraurik, Christian Alemanyk eta Daniel Compañonek osatzen dute taldea.

Araba Txistu Banda 2017an sortu zen, eta urtea oraindik betetzeke, estreinaldiko kontzertua emango du martxoaren 11n, eguerdiko 13:00ean Legutioko kultur etxean. Asteburuan, beraz, Araba izango da protagonista, bezperan Murgian egingo baita Euskal Herriko Txistulari Elkartearen urteko batzarra eta Txistu Eguna.

Txistu laukote klasiko hau osatzen duten musikariak arabarrak dira denak. Jose Luis Cantabrana Ochoa murgiarra da zuzendaria eta aurreneko txistua; musikagilea eta txistu irakaslea da. Bigarren txistuan, berriz, Iker Larrauri Delika gasteiztar gaztea aritzen da; goi-mailako txistu ikasketak egiten ari da egun, eta tronpeta-jolea ere bada. Christian Alemany Arteta txistu irakaslea, Laudiokoa bera, silbotean aritzen da. Eta perkusioan, Daniel Compañón Alonso gasteiztarra ariko da.

Taldearen asmoa da herrialdeko musikagileei eta bertako musikari tokia egitea, bereziki, ganbara musika lantzean, eta estreineko errepertorioa irizpide horiekin osatu dute. Ondorengo obrak joko dituzte:

  • ARO BERRIAK… JL Cantabrana
    Murgiako Txistu Egunerako espreski sortutako biribilketa. Zintadantza doinuaren oihartzunekin.
  • MENDIKO HAIZEAK… J Olaizola
    Hernaniko musikaria 1969an zendu zen. Txistulari Elkarteko sortzaileetako bat. Zortzikoarekin jolasten du obra honetan. Guridi, Usandizagaren… garaikidea.
  • ERANTZUNIK GABEKO GALDERAK… K Sanchez Ekiza
    Musikologo, txistulari eta musikagile iruñarraren obra ezaguna. Doinuak galderak uzten ditu airean.
  • ARTZAIN PASTORALA… JM Gonzalez Bastida
    1. Adagio-Allegretto pastoril
    2. Otoitza
    3. Dantza zaharra
    Musikari bergararra Gasteizko Udal Bandako zuzendaria izan zen. Txistulari elkarteko urrezko domina jaso zuen.
  • TXORIAK NERE BASERRIKO SAGASTIAN… L Aranburu
    Musikagile gasteiztar garrantzitsuenetakoa. Obra honek bi zati bereizgarri ditu: lehenengoa, deskriptiboa eta bigarrena, klasikoagoa, aldaketa edo bariazioz osatua.
  • VIVA ARAIA… Mold. JL Cantabrana
    Virgilio eta Gerardori 1917an jasotako pasodoblea.