Txistuari hots gozoena ateratzeko prest abiatu dute 2018 urtea Mugarik Gabeko Ttunttuneroek. Andosillan eta Ziburun izan ondoren, Tafallan izango dira otsailaren 11n. Izenematea irekita dago otsailaren 1a arte.
Urtarrilean Andosillan eta Ziburun izan dira Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, eta 2018ko egutegiarekin aurrera segiko dute otsailean ere. Tafallan jarri dute hurrengo zita, otsailaren 11rako, eta bertan parte hartzeko izenematea irekita dago, otsailaren 1a arte.
Egitarauan zehaztutakoaren arabera, goizeko 11:00etan elkartuko dira udaletxeko plazan, eta 11:30etan hamaiketako azkar bat egingo dute Alkartetxen. Eguerdiko 12:15etan ekingo diote kalejirari, 14:00ak aldean bukatzeko. Orduan, bazkaltzera joango dira.
Parte hartu nahi dutenek otsailaren 1a arte daukate, izena emateko. Horretarako, Andoni Cortijorekin jarri behar da harremanetan, 640 564 504 telefonoan edo acortijy@gmail.com helbide elektronikoan. Bazkaritara geratzeko asmorik badagoen eta zenbat izango diren ere zehaztu behar da.
Errepertorioari dagokionez, email bidez bidaliko dira partiturak, izena ematean. Gogoratu dute Fa sostenidoko txistuak eraman behar direla, eta azpimarratu dute hainbat pieza berri joko direla; besteak beste, Agur Euskal Herriari, El Airoso, Nere gitarratxoa edota Txun-Txun Egunaren Martxa.