Andosillan eta Tafallan ere ospatuko dute San Sebastian eguna. Azken herri horretan patroia dute, eta txistulariek bultzatuta, zazpigarren urtez danborrada ere egingo da.
Donostiako Udal Txistulari Taldeak pasa den igandean eman du San Sebastian egunaren aurreko kontzertu berezia. Soilik Donostia eta Azpeitiako jai-eguna dela uste dute askok, baina beste hainbat txokotan ere ospatzen da San Sebastian eguna: Andosillan eta Tafallan ere, ospakizunetan murgilduta dabiltza.
Andosillan egunero izango da zerekin gozatu, urtarrilaren 17tik 21era bitartean. Egunero, kiroldegian kontzertuak eta bestelako saioak izango dira 19:30etatik aurrera, eta larunbatean, 13:00ean hasita, gaiteroak ibiliko dira kalean, erraldoiekin. Igandean, berriz, hilaren 21ean, txistularien topaketa egingo da. Goizeko 11:00etan jarri dute zita, eta kalejiran ibili ondoren, Plazan bukatuko dute, dantza saioarekin.
Tafallan, bestalde, herriko patroia dute San Sebastian. Zazpi urte dira, dagoeneko, hilaren 19arekin danborrada egiten dutela, eta aurten ere ez dute hutsik egingo, 19:00etan hasita. Ekimen hau txistulariek eta orain lau urte sortutako Danborradaren Lagunak taldeak antolatzen dute. Bestalde, hilaren 20an, goizeko 06:30etan San Sebastianen omenezko goizaldeko kantuari emango zaio hasiera. Ondoren, 11:30etan, udal ordezkariek udaletxetik Santa Maria elizarako paseoa egingo dute, gaitero, txistulari, dantzari, buruhaundi eta erraldoi eta beste hainbat musikarik lagunduta, 12:00etako meza nagusira joateko.