Euskal Herriko Txistulari Elkartea – Nafarroa delegazioak bilera baterako dei egin du. Bilerara Nafarroako txistulari eta txistuzale guztiak daude gonbidatuta, eta helburua da Nafarroako txistuaren munduko ikuspuntu eta sektore guztiak bildu eta denon arteko elkarlana sustatzea. Bilera larunbatean, urriaren 28an izango da, 10:00etan, Iruñako Civivox Jus la Rocha aretoan.
Azaldu dutenaren arabera, «helburu nagusia bizirik gaudela adieraztea da; proiektuak ditugula eta laguntza behar dugula jakinaraztea, bai berauek aurrera ateratzeko eta baita erreztasunak emateko ere». Zentzu horretan, bileran bildu nahi dira sektore, lurralde, maila, plangintza eta proiektu desberdinetan aritzen direnak, txistuaren inguruan sortzen den eskaintza erreala zein den jakiteko; izan ikuskizunak (kaleko emanaldiak, kontzertuak…), ikerketa lanak, proiektu pedagogikoak… «Proiektu guztiak batu nahi ditugu, laguntza ematea errezagoa egin dakieken».
Bilerara azaltzeko gonbidapena luzatzeaz gain, deialdia zabaltzeko ahalegina egiteko ere eskatu dute. «Zuen ideiak, proiektuak, helburuak… oso interesgarriak izan daitezke ekintzaile talde bat sustatu eta bide berri bat sortzeko. Horrela gure elkarteak ere norabide bat izango luke, eta bermatzeko eta erabilgarria izateko bidea zabalduko litzaioke».