Donostiako Udal Txistulari Bandak eman dio hasiera ikasturte berriko programazioari, eta urrikoa zehaztu dute, gainera; lau ohiko emanaldi eta erromeria egingo dituzte.
Ohiko emanaldiak igandetan izaten dituzte, eta gaurkoa izango dute aurrenekoa. Diana jo ondoren, 12:15etan hasiko dute kontzertua, Konstituzio Plazan. Pieza hauek joko dituzte: ROBERTO/MARTIN (Biribilketa); PORTU (Suitea); ROSSINIRENA (Baltza); NAHASTE BORRASTE; LARRIETA (Tarantela); ZALDIBIA (Orripekoa); THE FAIRY MASQUE (XVIII. m.); HIRU DAMATXO (Bariazioak); eta BULEKETAN / SAFO (Orr./Arin.).
Datozen igandeetarako programak ere zehaztu dituzte: gaurkoa, urriaren 15ekoa, urriaren 22koa eta urriaren 29koa.
Bestalde, urriaren 21ean erromeria egingo dute. Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatu du, Udaleko Musika eta Danza Eskolaren laguntzarekin, eta euskal dantza tradizionalen ingurukoa izango da. Konstituzio Plazan, 18:30etan hasita, ondorengoak dantzatzeko aukera izango da: Luzaideko martxak, Grabo (muxikoa), Kolkoenea/Iturrikoa (fandango eta arin-arina), Loiola (polka), Kuxkurio (muxikoa), Txurkoene (balts-fandangoa), Zazpikoak (muxikoa), Federiko (kontradantza), Jose Korta (jota), Teillagorry (muxikoa), Tolare (polka), Arantzako zortzikoa, Alunelul (Errumaniako dantza), Laburrak (muxikoa), Animalien kantak (pasodoblea), Fiteroko jota, Sokamuturra (arin arina), Zuberoako branlea, Herri dantza eta Iruñatarra (biribilketa).