Udaran ere makina bat lan egin dute, eta orain, egutegia egokitu, eta ikasturteko kontzertuak martxan jarriko dituzte aste honetan bertan, Bilbo eta Donostiako Udal Txsistulari Bandek.
Hain zuzen, Bilboko Udal Txistulari Bandak gaur emango du aurreneko kontzertua, 20:00etan Euskalduna Jauregiko A3 aretoan. Errepertorio tradizionala aukeratu dute, ikasturteari hasiera emateko. Besteak beste joko dituzte: Zugana Manuela (Zortzikoa), Aitona, Triptikoa, Mari Zeli (polka), Bilduma, Mendian bai alai, Ametsa, Bolero, Txapel gorri (fandangoa) eta Kontradantza.
Donostiako Udal Txitulari Banda, berriz, igandean, urriaren 1ean jarriko da martxan. Ohi bezala, goiz deia joko dute aurrena kaleetan barrena, 09:00etatik 10:00etara, eta kontzertua 12:15etan hasita emango dute, Konstituzio Plazan. Ikasturteko aurreneko kontzertu honetan hauxe izango da interpretatuko duten errepertorioa: Hasierakoa (Biribilketa), Saltokako zortzikoa eta kontrapasa, Pasus/Txintxurreta (Baltza(Arin-arina), Donostia (Fandangoa), Arantzako Neskatxa dantza, Haurraren esnaera, Baranbio, Antxoriz (muxikoa) eta Igeldo/Porrusalda.
Hemendik aurrera, Donostiako Bandak igandero joko du. Bilbokoak, berriz, egutegi zehatza proposatu du. Esate baterako, urriaren 16an Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko (Iruñea) ikasleekin batera joko dute; azaroaren 6an, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako Txistu Bandarako I.Konposizio Lehiaketan saritutako obrak estreinatuko dituzte; azaroaren 27, Bilboko Musika Bandarekin batera, Ansorena familairi omenalditxo bat egingo diote; eta abenduaren 19an, Gabonetako kontzertu berezia emango dute, kasu honetan, A1 aretoan. Gabonen ondoren, urtarrilaren 18an izango dute datorren urteko hitzordu berria.
Bilboko Udal Txistulari Bandaren egutegia ikusteko, jo hona.