Euskal Herriko txistulariak Eibarren, elkartearen 90. urteurrenean

Irailaren 30ean Euskal Herri osoko txistulariak elkartuko dira Eibarren, Ezohiko Batzarra egin eta 1927an Arraten sortutako elkarte honen estatutuak berritzeko. Egun osoko festa izango da, bi kontzertuk eta erromeriak lagunduta.

 

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte beteko ditu irailaren 20an. 1927an sortu zen Arraten, txistularien patroiaren babespean egin zen aurreneko biltzar hartan. Horrela, irailaren 30ean jarri du zita Elkarteak, Eibarren elkartu eta 90. urteurrena ospatzeko.

Txistularien artean ohikoa den moduan, diana joz hasiko dute eguna. Euskal Herri osoko txistulariak deituta daude, goizeko 09:00etan Eibarko Unzaga Plazan elkartu eta kalejiran abiatzeko. Ondoren, 10:00etan, Ezohiko Batzar Orokorra egingo dute Coliseo antzokian, Elkartearen estatutuak berritzeko, eta hura bukatuta, 11:00etan, Arrateko ermitara bidean jarriko dira.

Arraten hamaiketakoa egin ondoren, 12:15etan meza izango da, txistularien patroiaren santutegian, eta hura bukatuta, 13:15etan txistularien Esku Dantza egingo da zelaian. Segidan, 13:30etan, kontzertua emango dute bertan bildutako txistulari guztiek, eta 14:30etan bazkaritarako elkartuko dira Cantabria jatetxean.

Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 18:00etan umorezko kontzertua emango du Arrateko santutegian, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, eta 18:45etatik aurrera, erromeria izango da.

Ospakizun berezi honetan, herritar guztiei luzatu die gonbidapena Elkarteako, txistulariekin bat egin eta jai-girora biltzeko.

EGITARAUA

09:00, Txistulariak Eibarko Unzaga Plazan elkartu eta goiz deia jo kaleetan barrena.
10:00, Ezohiko Batzar Orokorra Coliseo antzokian.
11:00, Arrateko bidean jarri.
11:30,  Arraten, hamaiketakoa.
12:15,  Arrateko santutegian meza.
13:00, Arrateko zelaian txistularien Esku Dantza.
13:30, Arrateko zelaian txistularien kontzertua.
14:40, Anaitasun bazkaria Cantabria jatetxean.
18:00, Arrateko santutegian umorezko kontzertua, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen eskutik.
18:45, Erromeria.