Bihar, abenduaren 5ean, abiatuko da Durangoko Azoka DA!. Euskal kulturaren plazan txistuak ere izango du bere lekua. Hona hemen, Landakoko kaleetan txistulariok galdu ezin ditzakegunen berri.

Abenduaren 5etik 8ra irekiko ditu ateak DA! Durangoko Azokak. Landakoko erakustazokan izango dira ikusgai eta salgai aurtengo uztak emandako produktuak. Txistuaren munduak diskoak eta partitura liburuak ekarriko ditu aurtengo ediziora. Azpimarratzekoak dira Iñaki Palaciosen eta Garikoitz Mendizabalen disko berriak eta Silboberrik eskeiniko dituen diskoa eta partitura liburua. Juan Antonio Aromak Durangaldeko txistularien historia ekarriko du bere liburuan.  Horrezgain, Bilaka kolektiboak eta Juan Mari Beltran-ek disko berri bana izango dute Landakon.

Harria

Iñaki Palaciosek Mulixka dantza taldearekin eta Iñaki Perurenarekin ondutako proiektua da Harria. Ikuskizunerako musika sortu du txistulariak eta disko batean kaleratu. Lana, Baga bigaren erakusmahaian izango da, Artekale 54-57n. Gainera, Palacios bera izango da lana sinatzen abenduaren 5ean eta 6an, 10:30etatik 14:00era. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, irakurri berri hau.

Ibili munduan

Eskuz esku sortu dute disko berria Xabier Zabala eta Garikoitz Mendizabalek, bikote gisa kaleratu duten lehenengoa. Ibili munduan izenburupean askotariko diskoa ondu dute, gonbidatu zerrenda luzea ondoan zutela. DA!n erakusmahai propioa izango du bikoteak, Goienkale 54an. Egunero sinatuko dituzte aleak bertan, goizeko 11etatik eguerdiko ordu 2etara eta arratsaldez 4etatik 7ak arte. Diskoaren inguruan gehiago jakiteko, irakurri berri hauxe.

Silboberri

Durangon ezin falta Silboberriren ekarpena. Aurtengoan partitura liburu bat eta disko berri bat izango dira eskuragai Durangaldeko argitalpenen stand-ean, Barrenkale 42-43an. Txistu eta pianorako moldatuta, Jose Antonio Santesteban, Jose Maria Etxeberria eta Juan Guimon musikarien doinuak jasotzen dituen liburu da Ganbara. Beste berrikuntza, Jalgi hadi mundura izenburuarekin argitaratutako diskoa da. Lan honetan parte hartu dute: Aitor Amilibia txistuarekin, Jose Antonio Hontoria akordeoiarekin, Elur Arrieta perkusioan eta Sylvia Gutierrez gitar joleak. Gehiago jakiteko, irakurri honako berria.

Ohikoa du Silboberrik kontzertua antolatzea egun hauetan, eta aurten ere hitzordua jarri du Txistua XXI. mendean izenburupeko kontzertuarekin, abenduaren 7an. Zehaztasun guztiak gure agendaren baitan.

Bestelako proposamenak

Bere azken liburua izango du salgai Juan Antonio Aroma txistulariak, hau ere Durangaldeko argitalpenen mahaian: Txistu hotsak Durangaldean. Durangaldeko txistularien eguna (1956-2015).

Iparraldeko Bilaka kolektiboak lan berria du Azokako katalagoan, Plazaz izeneko disko bikoitza. Lana, izen bereko ikusgarriaren musika dakar, ofizialki baina, aurkezpena otsailean egin behar ei dute.

Azkenik, Juan Mari Beltran Kostaldeko soinuak diskoa argitaratu berri du. Zuzeneko aurkezpena abenduaren 26an izango da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.