Maitatia: herriminetik sortutako disko liburua

Jose Manuel Ugartek diasporan bizitako urte luzeetan txistulariaren bakardadea sentitu zuen. Sentimendu horrek luze mamitutako ametsa ekarri zion, zeina orain Donostiako Udal Txistu Taldeak disko liburu bihurtu duen: Maitatia. 

Mexikon urte luzez bizi izan zen Jose Manuel Ugarte txistularia. Bertan ez zuen txistu-lagunik eta txistua bakarrik jotzea beste aukerarik ez zuen. Bakardade hori arindu zezakeen grabaziorik ere ez zuen, bai ordea jotzen zituen beste musika tresnentzako. Gabezia horrek eta Jose Manuelen eskuzabaltasunak Maitatia izeneko proiektuari bide egin diote. Egitasmoak bi CD, 26 doinu eta partiturak biltzen dituen disko-liburuaren forma hartu du.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak argitaratutako materialak, txistu banda tradizionalerako 14 pieza eta txistulari bakarlarirako beste 12 biltzen ditu. Lehenengo 14ak Donostiako Udal Txistulari Bandak grabatu ditu: Aitor Arozena, Jagoba Astiazaran eta Agustin Laskurain aritu dira jotzaile Jose Ignazio Ansorenarekin batera. Ansorenak ondoan izan ditu Karlos Aranzegi (bateria), Mikel Artieda (baxuan) eta Mikel Azpiroz (pianoa, hammond, grabaketa eta ekoizpena) gainerako 12 doinuak grabatzeko. Kantu bakoitza bi modura jasotzen da, txistu lehenarekin eta txistu lehena gabe (minus one izeneko formula, alegia).

Partiturak eta pieza bakoitzaren gaineko azalpenak biltzen ditu liburuak. Banda tradizionalerako 14ak ahots guztiekin agertzen dira eta txistu eta talde instrumentalekoek berriz, txistuaren ahotsa eta akordeak agertzen dituzte. Entzun eta jotzeko produktu bat da Maitatia beraz

Diseinuari dagokionez, Ane Arsuaga txistulari, bazkide eta diseinatzailearen esku egon da.

Banaketa

Disko liburua elkarteko bazkideen artean eskura banatuko da dohainik. Horretarako, oraingoz, hiriburuetako txistu alardeak baliatuko dira, aurrerago beste aukera batzuk zehaztu ahala jakinaraztera emango direlarik. Txistu eskoletara eta diasporara ere helaraziko dira aleak pozta zerbitzuaren bitartez.

Aurkezpena

Maiatzaren 3rako, Deban (Gipuzkoa), aurkezpen ekitaldi berezi bat prestatzen dihardu elkarteak, bertan Maitatia laneko hainbat doinu izango dira entzungai zuzenean. Elkartetik esker ona adierazi nahi izan diote Ugarte jaunari bere eskuzabaltasunagatik.