Dena prest, Murgiako Txistu egunerako

Murgiako plaza

Martxoak 10 larunbata zita dugu Murgian (Araba), Txistu Eguna ospatu eta Euskal Herriko Txistularien Elkartearen Batzar Orokorra izango baitugu. Jaia eta gogoeta bilduko dituen egunak, dena du prest. Ehundik gora txistulari elkartzea aurreikusita dago.

Egitarau betea dakar larunbatak Murgian: kalejira, omenaldia, agintarien harrera, Batzar Orokorra, dantzaldia eta bukatzeko bazkaria. Bazkaltzeko 95 pertsonak eman dute izena, baina ekitaldian 100dik gora txistulari esku hartzea aurreikusten dute antolatzaileek.  Aurtengoan, Martina Frantziska Ansorenari izango da omendua, herriko zahar-etxean bertan agurra egingo zaio eta aita zuen Isidro Ansorenak Martinari eskainitako Prantxiska Martina arin-arina joko da, besteak beste.  Martina Frantziska urte luzez organoa jolea izan da, abesbatza osatu eta zuzendu, eta zenbait gazteri txistua irakasten ibilia da.

Egitaraua

Goizeko 9:30ean  plazan bildu eta goiz deia joko da;  10:00etan, Martina Frantziska Ansorenari omenaldia zahar-etxean;. 10:45ean Zuiako udaletxean agintariek harrera egingo dute; 11:00etan, Batzar Orokorra hasiko da. Behin batzarra bukatuta, 13:00etan dantza-emanaldia plazan, Bidebarri Dantza Taldearekin; azkenik, 14:30ean bazkaria.

Bazkaria eta batzarra Murgiako Administrazio Batzarraren egoitzan izango da. Eraikin berria da guztiz, areago, bitxikeria gisa, esan dezakegu estrenatu egingo dugula.

Autobusa eta azken oharrak

Bi autobus jarriko ditu antolakuntzak Murgiara joan-itzulia egiteko. Lehenengoak honako geralekuak izango ditu: Baiona 7:30, Hernani (Karabel) 8:15, Donostia (PioXII) 8:30 eta Zarautz(barrera) 8:45. Bigarrenak berriz: Durango (autobideko ordain-lekua) 8:15, Bilbo (Abando) 8:45 eta Laudio (osasun-etxea) 9:10.

Jo beharreko partiturak oraindik ez badituzue, webguneko bazkideen gune pribatuan daudela gogorazi nahi dizuegu, Dokumentuen atalean. Leku berean duzue baita, aurreko batzarreko akta.

Azkenik, animatu nahi zaituztegu Txistu Eguneko argazki, bideoak, kronikak, komentarioak edo batzarrari buruzko iruzkinak igortzera komunikazioa@txistulari.eus helbidera. Zuen ekarpenak isla izango du web-gunean.