Fotografía: Maika Salguero -El Correo
El cantante y periodista Roberto Moso Zaramako ha participado en el Alarde de Txistularis de Bilbao de este año. Las sensaciones vividas en esta experiencia las cuenta en la columna que ha escrito en el periodico El Correo bajo el titulo Bildur naiz. Recogemos ha continuación el artículo original:
«Bildur naiz». Zarama taldekoekin laurogeiko hamarkadan abesten nuen kantan oihukatzen nuen hori. Baina orain, beste mota bateko beldurra da hau. Oraingo honetan ez du poliziarekin inolako zerikusirik. Minutu batzuen buruan, entzuten ari den zortziko hau bukatzean, Ilaski Serrano aurkezleak nire izena oihukatuko du eta oholtza erdian kokatu beharko dut 103 kideko orkestra honekin batera aritzeko.
Bilboko Plaza Berria lepo beteta dago igande goiz epel honetan. Adin ugariko ikusleak bildu dira Aste Nagusiak eskaintzen duen azken emanaldietako bat gozatzeko. Adi dago jendetza, gehienbat. Honek ez du gaueko parranda-giroan horrenbestetan egindako ikuskizunekin zerikusirik. Gaur akatsak argi eta garbi nabarituko lirateke. Hori gutxi balitz, ETBko kamerak etorri dira ‘Oholtza’ saiorako kontzertu osoa grabatzeko asmoz.
Hamarretan entsegu orokorra izan dugu, eta, oro har, pozik geratu naiz neure saioarekin, baina eztarria zaintzeko asmoz, erregistro altuenak ekidin ditut.
Astean zehar beste bi entsegu izan ditugu, eta, egia esan, ezin dut esan ni lasaitzeko modukoak izan direnik. Asteazkenean arazoak izan nituen notarik altuenetara iristeko -kiboren bat barne- eta ostegunean okertu egin nintzen zenbait sarreratan. Ezagutu berri duzun orkestra oso batekin huts egitea ez da zure taldeko lagunekin okertzea legez. Pascual-Vilaplana jauna, Bilboko Bandaren zuzendaria, oso tipo umoretsua eta hurbila da, baina berarekin nire sarrerak zuzentzea, 206 begi arduratiren aurrean, nahiko bizipen ezerosoa izan zen, egiatan diotsut. Horrez gain, EGAN talde mitikoko Xabier Saldiasen txanda erabat ezberdina suertatu zen. Luis Marianok bere garaian hedatutako ‘México’ abestiaren bertsioan Saldiasek Mexiko hitzaren ‘i’ letrak infinituraino luzatzen zituen, musikarien zoramenerako. Bukatzean txaloaldi bero bat jotzen zuten.
Bada, Bilboko txistularien arduradunak, Garikoitz Mendizabalek, iaz eskaini zidan beren urteroko erakustaldian agertzea, baina tamalez, eguna heldu orduko Gurutzetako ospitalean nengoen pankreatitis batek jota.
Aurtengo ikuskizunerako berriro eskaini zidanean argi neukan nire mailarik handiena eman beharko nuela. Xabier Zabala konpositoreak grabatu zizkidan oinarrien gainetik autoan kantatu dut ahal dudan aldi guztietan -semafororen batean pareko gidari zenbaiten arreta sorraraziz- baina grabazioaren soinua eta orkestrarena, ez dira berdinak.
Eta hemen nago. Alea iacta est. Ezin da atzera egin. Agertokiaren albo batean Saldias, Ilaski eta hirurok gure txanden zain gaude. EGANeko kantaria lasai asko erretzen dago, Ilaskik partaideen zerrendari errepasoa ematen dion bitartean.
Zortzikoa bukatu da eta txaloekin batera Ilaski atera da. Ea ba, Rober, kontzentratu, zuzendariaren keinuei adi egon eta eman daukazun guztia. Nerbioak aldera utzi eta aurrera… entzun duzun hura zure izena da. Goazen. Mugitzen naizen heinean guztia irreala izango balitz bezala sentitzen dut. Errakuntza bat edo. Musikarien artean aurrera jotzen dut: txistulariak, metalak, txalaparta, abesbatza, teklatuak, bateria, trikitia, gitarra, baxua… zuzendariaren irribarreak lehenengo lerrora ongi-etorria ematen dit. ‘Txatxo’ abestiaren hasierako notak entzutean garbi daukat: Ez dut huts egingo. Hara, ezin dut ukatu: zelako poza oholtza gainean berriro egotea!