- +34 943 528 613
- txistulari@txistulari.eus
Pazko astearen bueltan, apirilaren 4tik 7ra, izango da Tolofolk musika jaialdiaren laugarren edizioa. Euskal Herriko eta nazioarteko puntako musikaz doan gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak, beste behin, herriko gune eta plaza ezberdinetan.
JeaJeaka kultur elkarteak antolatuta, Tolofolk kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emateko, eta, oro har, folk musikariei ikusgarritasuna emateko helburua duen jaialdia da.
Tolofolk kultura herrikoiaren jaialdia da, munduko musiken jaialdia. Hori horrela, musika modalitate ezberdinetako Euskal Herriko eta nazioarteko artistak batuko ditu aurten ere: Armeniatik, Okzitaniatik, Kataluniatik edota Kantabriatik iritsitako artistak izango dira.
Guztira 7 emanaldi eskainiko dira ostegunetik igandera, eta artisten artean daude, besteak beste, Hovhannes Karakhanyan artista armeniarra, Duduk (munduko instrumentu zaharrenetarikoa dena) joz edo haize eta perkusioko 10 musikarik osatutako Balkan Paradise Orchestra, Plaza Berrian energiaz eta indarrez beteriko ikuskizuna eskainiko duena. Xabier Zeberio tolosarrak ere emanaldi berezia eskainiko du laukote formatuan, Arineketan bikotearekin eta biolontxelo-jole batekin batera.
EGITARAU OSOA
Apirilak 4 | Hovhannes Karakhanyan | 19:00 | Berdura Plaza
Hovhannes Karakhanyan artista armeniarrak ‘Duduk’ instrumentua joko du hirukote formatuan, gitarraz eta perkusioaz lagunduta.
Apirilak 5 | Otxo: Maider Martineau + Lolita Delmonteil – Ayral | 19:00 | Berdura Plaza
Maider Martineau eta Lolita Delmonteil-Ayral bikoteak herrialde desberdinetako kantak eskainiko dituzte, eskusoinuz, perkusioz eta haizezko instrumentuz lagunduta.
Apirilak 5 | La Jodedera | 23:00 | Fronton
Musikari euskaldunez eta kubatarrez osatutako taldeak, bi herrialdeetako doinu eta erritmoen fusioaz osaturiko emanaldia eskainiko du.
Apirilak 6 | Kalepoza | 12:00 | Tolosan zehar
Kalea poztuko duten musika emanaldiak entzungai izango dira Tolosan zehar, dultzaineroekin, txistulariekin, txarangekin…
Apirilak 6 | Pandereteras de Ruente | 18:30 | Plaza Berria
Hirukote honek 9 urte daramatza kanta herrikoiak abestuz, besteak beste, panderoaz zein panderetaz lagunduta.
Apirilak 6 | Balkan Paradise Orchestra | 20:00 | Plaza Berria
Haize eta perkusioko 10 musikarik osatutako orkestra honek energiaz eta indarrez beteriko ikuskizuna eskainiko du.
Apirilak 7 | Xabier Zeberio + Arineketan | 19:00 | Berdura Plaza
Xabier Zeberio eta Arineketan bikotea (Iñar Sastre pianojolea eta Jagoba Astiasaran txistularia), laukote formatuan izango dira Tolosan, Alejandro Saul Martinez biolontxelo-jolearekin batera.