Gaur, abenduak 5, Gasteizen aurkeztu da Txistulari Aldizkari berria, 253.na Txistuka Berria izenburupean. Gasteizko Folklore Akademiaren eta Euskal Herriko Txistulari elkartearen arteko elkarlanaren fruitu da aldizkari berria.
Prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Txistulari aldizkariko ale berria Gasteizen, EHTEko Arabako ordezkari Gorka Hermosilla, Gasteizko Folklore Akademiako zuzendari Roberto Álvarez, Jimmy Bidaurreta musikagile eta ekoizleak eta Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Canok. Alea, bi proiekturen eraberritze eta uztarketa izan da, alde batetik Folklore Akademiaren Txistuka ikas materialarena eta bestetik, Txistulari aldizkariarena.
Txistuka Berria
Txistuka duela urte batzutik ona Gasteizko Folklore Akademiak garatu duen proiektu bat da. Txistulari berriei begira materiala sortzea izan dute xede hasieratik. Lehen etapa batean, Juanma Saéz-ek egindako moldaketekin hiru liburuxka argitaratu zituzten, 80tik gora kanturekin eta 5 disko eta Cd multimedia batekin. Oraingoan, Jimmy Bidaurreta izan da moldatzailea, eta helburua kalitatean gora egitea izan da orohar. Partiturez gain, abestiak play along moduan grabatu dituzte, soinua eta ekoizpena bereziki zainduz. Aldaketa nabarmen hauek direla eta, proiektua eraberrituta dator erabat, Txistuka Berria.
Aldizkaria
Gure bazkideen etxeetara jada heltzen ari den aldizkari berriak, hainbat berrikuntza dakartza: batetik, CD bat dakarrelako, abesti guztien grabaketarekin; bigarrenik, jada gure logo berria dakarrelako azalean; hirugarrenik, azala beraren moldea; laugarrena, aldizkariaren diseinua erabat aldatu dugu barrutik; bosgarrena, kolore gehiago sartu dugu barruko orrialdeetan; eta seigarrena, hiru atal berri estreinatzen ditugu: disko-polis, txis-punk eta arbeletik.
Azken aleekin egin dugunaren kontra, ez dugu webean aldizkaria pdf formatuan jarri bazkideek etxean jaso baino lehen, sorpresarako tarte bat utzi nahian.
Prentsaurrekoa
Hedabideen aurrean egindako agerraldian proiektuaren balioa azpimarratu eta elkarlanaren garrantzia azaldu dute Gasteizko Udaleko, Folklore Akademiako eta EHTEko ordezkariek. Hona hemen ikusgai emandako azalpenak: