Jardunaldiak eta Nerbioi Arroko Txistularien Topaketa antolatu dituzte Urduñan

Argazkia: Getxa-Goi txistu taldearen emanaldi bat, Urduñako Foru plazako arkupeetan. AIARALDEA.EUS

Urduña (Bizkaia) hiriko Getxa-Goi txistulari taldeak Txistu Jardunaldiak burutuko ditu irailaren 20tik 23 bitartean. Horrekin bat, Nerbioi Arroko Txistu Topaketa ospatuko dute lehen aldiz.

Arabako mapan agertu arren, Bizkaia da Urduña hiri historikoa. Gorobel mendilerroak babestua, Gaztelarekin muga egiten du. Ingurune paregabe honetan izan zen EHTEko bigarren Biltzar Nagusia duela 90 urte. Hori ospatzeko motibo bazela deliberaturik, Getxa-Goiko txistulariek Txistu Jardunaldiak eta Nerbioi Arroako I. Txistularien Topaketak ondu dituzte. Ospakizunetik harago, txistularien arteko harremanak sustatu eta eskualdeko txistu giroan eragin nahi dute, ekimen honek jarraipena izan dezan.

Jardunaldiak

Irailaren 20an hasiera emango diote egitarau oparoari. Egun horretan, erakusketa estreinatuko dute: Hiru zuloko flautaren garapena Euskal Herrian izenburupean. Irekiera eta jardunaldien aurkezpena 19:00ean izango da Alondegian. Erakusketak ordutegi hau izango du: irailak 21ean 18:30etatik 20:30era,  irailak 22an 11etatik 13:30era eta 18:30etatik 20:30era, azkenik, irailak 23an 11etatik 14etara.

Ostiralean, hilak 21, arratsaldeko 7etan, Sabin Bikandiren hitzaldi-tailerra eskeiniko dute, Txistulari ala Danbolinteru izenburupean. Ondoren, kalejira Getxa-Goi txistu taldearen eskutik.

Larunbatarekin kontzertua emango dute Urduñako txistulariek. Emanaldi bereziak, Txistuaren Entzunezko Historia izango du izenburutzat eta arratsaldeko 7etan izango da Alondegian.

Jardunaldioi amaiera emateko, Nerbioi Arrokoko lehenengo Txistu Topaketa ospatuko dute igandean. 10:30ean txistularien elkarretaratzea izango da tren geltokian. Ordu bete geroago, Antiguako Santutegian elkarteko batzarraren 90. urteurrena gogoratzeko ekitaldiaren unea etorriko da. Hamaiketakoaren ostean, txistulariak Foru plazaraino jeitsiko dira kalejiran, bertan txistu emanaldia ekeiniko dutelarik 13:00etan.

Anai arteko bazkariaren ostean, jaiak arratsaldez izango du segida, Getxa-Goik erromeria emango baitu Foru plazan 19:00etatik aurrera. Horrela bukatutzat emango dira jardunaldiok eta topaketa, etorkizunean jarraipena izango duelakoan.

Ekimen honek badu aurrekaririk, izan ere, 2000 eta 2001 urteetan, Fita fik elkarteak sustatuta Txistu Jardunaldiak antolatu baitziren Amurrio, Laudio, Arrankudiaga eta Urduñan.

Kontaktua

getxagoi@gmail.com