Argazkia: 2017ko Euskal Astea San Nicolas, txistulariak: Jesica Ateca, Chamorro, Rubén Vázquez, Aitor Hormaechea, Gato Gutiérrez, Martina Saa. Carmen Jess
Aitor Alava Zurimendik (Zuhatza, Aiara, Araba, 1973) artikulu interesgarri hau igorri digu, Hego Amerikako herrialde horretako txistularien inguruan. Buenos Airesen (Argentina) aspaldi errotuta, unibertsitate mailako ikasketak burutu ditu argentinar folklore dantzetan eta tangoan, egun irakasle tituludun gisa diharduelarik. Eskolak ematen ditu hainbat alorretan: euskal dantzak, euskal kultura, Argentinako folklore dantzak, tangoa… Bere esperientzia, gogoetak, jakintzak e.a. dantz-ango izeneko blogean haizatzen ditu, besteak beste.
Euskal txistuaren eta bere jotzailearen alor bat, ez hain aintzinakoa, Dantza Maisuaren eginkizuna da. Euskal Herrian, soka dantzak, ingurutxok, jautziak, mutil dantzak, soinu zaharrak eta erregelak besteak beste, danbolinteru eta aldi berean Dantza Maisu ziren horiek transmititu zituzten. Munduaren txoko honetan, ikasle edota dantzari ohiak dira nagusiengandik txistu doinuak ikasi zituztenak, gehiengoa Euskal Herritik etorritakoen seme alabak, zeinak batasun nazional gisa dantza eta musikari lotutako tradizioak mantentzeari heldu zioten.
Euskal Etxeak harrobi eta gune izan dira eta dira txistuaren doinuak entzun daitezen, euskal migartzaileek putz eginda edota jada beren ikasle euskal-argentinarrek jota. Fidelki ziurtatu dezakegu txistulariek duten status garrantzitsua Argentinako euskal gizartearen barruan. Bi edo hiru gune garrantzitsutan aurkitzen dira txistulariak Argentinan: Buenos Aireseko probintzian eta Kordobako probintzian, alde batera utzi gabe bestelako probintzia eta hirietan aurki daitezkeen txistulari autodidaktak edo familiaren barneko belaunaldiz belaunaldiko kultur transmisioan ikasi dutenak.
Azpimarra erdiezteko moduko lekua irabazi dute notaz nota, Jose Maria Gutierrezek Buenos Airesez eta Abel Noseda, Necoechea eta La Platan, jardunean dauden bi adibide gisa. Hauek, oraindik orain beraien maisuen irakaspenak mantentzen dituzte, etengabeko formazioari muzin egin gabe, ikastaro, gaztemundu e.a.ekin.
Puntu honetara helduta, azaldu beharra daukagu euskal elkartegintzaren bolumena Argentinan, orotara ehun bat instituzio batuz, gehienak FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas delakoaren inguruan aritzen direnak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza ahaztu gabe, Sara Pagola Azpirik zuzentze duena. Datuok laguntzen digute, egun, Argentinan, txistuaren dimentsioa neurtzen. Gaur egun jardunean ari diren txistularietako batzuk, hauek dira:
-Mar del Plata: Nerea Balzola Aguilera, Aitor Hormaechea, Facundo Rodríguez.
-Córdoba: Noé Fernández, Franco y Marco Seghesso, Fernando Zabalza, Jesica Ateca, Santiago Chamorro.
-Arrecifes: Juan Ignacio Abarrategui, Marianela Rimini Azarola.
-Rosario: Mateo Tacconi.
-San Nicolás: Martina Saa, Leandro Gil, Rubén Vázquez, Alejandro Coltro.
Jada aipatu ditugun Abel Noseda eta Jose Maria Gutierrez ahaztu gabe, ikus dezakegu ez direla 10era ere iristen jardunean ari den txistularia duten instituzioak. Kontuan hartuta, 35 bat instituziok badutela euskal dantza talde egonkor bat, argi eta garbi, deoreka baten aurrean aurkitzen gara.
Anaia txikia
Txistuaren historia, konstante bat da, ez onartzea bere status historikoa. Beti dirudi anaia txikia, mito izan edo ez, Isturitzetik, duela 15.000 urte, hiru zuloko berna-hezur bat, familian bere presentzia bermatuta dagoen arren. Hitzordu garrantzitsuenetan, Jose Maria Gutierrezen ibilbidea bezalako salbuespen bakanak salbuespen , rol ez protagonista batera zokoratzen da. Galdera bat airera, txistua Argentinako Euskal Asteetan, igandeetako plazetako dantzak bezala ezagutzen dena ixteko baliatzen bada, zergatik ez du inoiz fandangoak eta arin arinak ixten larunbat gaueko emanaldia.
Herrialde honetan jada egin ditudan 14 urteotan, hainbat txistulariren begiak dir-dirka ikusi ditut euskal dantzen errepertorio gehiena biltzen dituen kuadernoaren aurrean. Haiek gaur egunekoak eta garaikideak dira, proposamen eta errepertorio berriekin zalantza egin barik bat egiten dute, iragan San Nicolaseko Euskal Astean egin zuten bezala. Arazo baten aurrean gaude, zeinean txistulariak ez diren aktore protgonistak.
Txistua, hainbeste garatu dena, lehenengo jai giroko kalejiratik, ganbara orkestarik abanguardisteraino, munduko txoko honetan lirudike, bigarren mailako gauza izaten jarraituko duela. Behintzat egoera aldatu edo txistua bultzatzea tamainako ekintza eta faktore instituzionalen menpe dago. Baina bada, bere biziko garrantzia duen zerbait bat. Argentinan, dantzariok gure pentsamoldea aldatzen ez badugu eta pentsakera ireki, ez diogu txistuari eta txistulariei merezi duten gisan hegan egiten utziko.