EHTEk 1936ko gerraren aurretik publikatu zituen Txistulari aldizkariak digitalizatu ditu. Hamar aleko bilduma pixkanaka bazkideen eskura jartzen gaude. Oraingoan bigarren alea dakargu, jada eskuragarri dago gure webean, oso-osorik.
Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927an jaio zen. Txistulari aldizkaria, berriz 1928ko martxoa-apirilekoa du lehenengo zenbakia. Aldizkaria gerrarekin bere jarduna eten eta berrabiatzerakoan hutsetik hasi zen, horregatik bi garai bereizten ditugu: gerra-aurrekoa eta ostekoa. Oraingoan, garai horretako 2. alea dakargu hona.
Gerra aurreko lehenengo 10 aleak digitalizatu berri ditugu, eta pixkanaka webean bazkideen eskura jarriko ditugu.
Bigarren zenbakia
Ale hau abiatzeko, J.Mikel Biurrarena txistugile eta txistulariari omen egiten dion artikulua aurkitzen dugu. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dagoen laudorioz beteriko idatzi honekin irekitzen da 1928ko maiatza-ekainari dagokion alea.
36 orrialdeko ale honetan bi idazlan luze ditugu. Bata, ezpatadantzari buruzkoa Juan de Olarzaranek sinatua eta bigarrena, Donostiako txistu banda lehiaketaren inguruko kronika zabala. Kronikak kontatzen duenez, irabazle suertatu zen Tolosako txistu banda eta bigarren Sestaoko taldea. Landaluzek zuzentzen zuen Arrigorriagako taldea, berriz, erretiratu ei zen.
Aldizkariaren zenbaki honetan, aurrekoan legez, olerki bat ere badator eta deigarri egiten da zenbat txistugile ezberdinen iragarkiak dakartzan: Isidro Ansorena, Landaluce, J.Mikel Biurrarena eta Primitivo Onraita.
Musika atalari dagokionez, Baztan biribilketa ospetsuarekin hasten da partituren bilduma, bina fandango, arin-arin eta alkate soinuekin borobilduz. Atala itxiz, San Ignazio Martxa dakar. Luis Urteaga, Eduardo Gorosarri eta P.H. Olazaran-en lanak guztiak.
El Pueblo Vasco egunkaritik hartutako artikulu bat jasotzen da baita , zeinean goraipatu egiten da Donostin sortu berria zen txistu eta dantza akademia, “gainerako udalentzako imitatu beharreko adibidea”.
Azkenik, aipagarria zaigu irakurleei zuzendutako gaztelaniazko ohar hau, hemen euskaraz ematen duguna: “irakurle, zuer semeak txistua jotzen ikasi behar du. Oso erreaza da, kontrako ustea izan arren. Musikarik ez badaki, erraza da. Eta baldin badaki, askoz ere errazagoa. Igortzazu zure herriko danbolinteruarengana, eskola jaso dezan.”
Benetako altxorra, datu interesgarriz eta bitxikeriaz betea, bazkide guztien eskura pdf formatuan deskargatzeko aukerarekin. Benetako oparia.
Aldizkaria ikusteko klikatu hemen (soilik erregistratutako bazkideentzat eskura).
Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.
Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.
Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era