Hamar eta hogeita hamar urte arteko 27 txistulari gazte elkartu ziren joan den ekainaren 21ean Mendaron.
Mendaroko txistulariek Euskal Herriko Txistulari Elkartearekin ttunttunero gazteei zuzenduta antolatutako Danboligenak giro ederrean ospatu zen. Goiz-goizetik eguraldi ona lagun izan zuten Mendarora etorri ziren txistulariek. Deialdia Euskal Herriko txistulari gazte guztiei zabaldu bazitzaien ere, oraingoan elkartu ziren hogeita zazpi gazteak gipuzkoarrak ziren; gehienak Mendaro inguruko herrietakoak.
Bederatzi eta erdietan elkartu eta lanak banatu ondoren, hamarretan abiatu zen danbolintero gazteak bertan zirela mendarotarrei iragarri zien kalejira. Lanak sortutako nekeak uxatzeko hamaiketakoa egin zuten Kilimon elkartean eta haren ondoren tailerraren txanda izan zen.
Jasone Akizu txistulariak zuzendutako tailerrean danbolina jotzeko teknika eta erritmoak landu zituzten. Danbolinarekin egin zuten lana positiboki baloratu zuten tailerrean parte hartu zutenek. Ordu eta erdian danbolinaren misterioak pixka bat hobeto menderatzen saiatu ziren, nahiz eta guzti guztiak argitzea lortu ez zuten. Bukatu zutenerako gosetuta ziren gazteak eta ordu biak aldera Kilimon elkartera itzuli ziren bazkaltzera.
Arratsaldean kalera itzuli ziren ttunttunero gazteak Mendaroko txistulariekin. Bostetan plazako dantzak jo zituzten eta han Mendaroko Gazteak dantza taldeko kideek ere parte hartu zuten. Dantza saioari txistu-poteoak jarraitu zion.



















Esperientzia polit hau gogoratzen duen argazki sorta jaso zuten Mendaron bildu ziren txistuzaleek.