Joan den urtarrilaren 31an Santa Ageda bezperako ekitaldien aurkezpeneko prentsaurrekoan parte hartu zuen Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Gipuzkoako Kultura diputatuarekin eta beste hainbat kultur-eragilerekin.
Prentsaurrekoan, Goizane Álvarez Irijoa Kulturako diputatuak eta hainbat kultura- eta musika-erakundetako ordezkariek hartu zuten parte. Bertan izan ziren Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidentea; Mª Jose Gaztelumendi, Euskal Herriko Txistulari Elkartetik; Beñat Azaldegi, Gipuzkoako Bertsolari Elkartearen ordezkaria; Orkatz Arbelaitz, Soinueneakoa; Xabier Mendizabal, Dantzarien Biltzarreko presidentea; Amaia Salaberria, Gertu Kulturakoa eta Xabier Kerexeta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etnografia teknikaria.
Gogoratu zen bezala, Santa Ageda bezpera egunean, otsailaren 4an, elementu erlijioso, kultural eta komunitarioek bat egiten dute. Sinbolismoz beteriko data bat da, kantuen, ahozko tradizioaren eta erritu kolektiboen bidez lotura sozialak eta komunitarioak indartzen dituen jai bat.
Goizane Alvarez Kulturako diputatuak Gipuzkoako ondare immaterialaren aberastasuna nabarmendu zuen, bai eta tradizio horiek bizirik mantentzeko lan egiten duten kultura-elkarteekin lankidetza estuan aritzearen garrantzia ere: «Santa Agedaren ospakizuna gure ondare immaterialaren balio izugarriaren adibide bat da, musika, kantua, ahozko tradizioa eta erritu kolektiboak biltzen baititu. Kultura-adierazpide horiek gure sustraietara lotzen gaituzte eta komunitatearekiko harremana indartzen dute. Era berean, gogorarazten digute garrantzitsua dela batera lan egitea horiek belaunaldi berriei transmititzen zaizkiela bermatzeko».
Era berean, Alvarezek Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarteekin batera lan egiteko konpromisoa duela azaldu zuen; besteak beste, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, Gipuzkoako Bertsolari Elkartea, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa, Soinuenea, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Eresbil, Gertu Kultura eta beste zenbait elkarterekin: «Haien ahalegin eta dedikaziorik gabe, tradizio horietako askok beren funtsa eta indarra galduko lukete. Funtsezkoa da ekimen horiek babesten eta sustatzen jarraitzea, gure kultura- eta gizarte-nortasunaren parte baitira».
Bestalde, GFAko Kultura Departamentuko Ondare teknikari den Xabier Kerexetak honako hau adierazi zuen: «Santa Ageda eguna adibide bat da, erakusten duena nola tokiko tradizioek garai berrietara egokitzen eta beren funtsa mantentzen jakin duten. Ondare bizi bat da, belaunaldiak lotzen dituena eta gure gizartearen loturak indartzen dituena».
Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidenteak esan zuenez “argi dago kantua eta gehien bat koruak protagonistak direla Santa Ageda bezperako errituan. Halako tradizioek, euskaldunei, gure sustraiekin lotura sakon bat gogorarazten digute eta adierazten digute zein garen eta zerk ematen digun nortasuna; lotura eginez aintzineko sentierarekin eta bizitzeko era batekin. Aldi berean kantu korala garrantzizko leku batean kokatzen du, merezi duen lekua: ahotsak, hitzak, abesteak eta batez ere taldean abesteak duen indarra eta boterea azpimarratzen duelako. Aurten ez dugu denbora asko izan artikulatzeko beste kolektiboekin estrategia amankomun bat, eta egin dugun ahalegina xumea izan da: gure web orrian Santa Ageda bezperan ospatzen diren lekuak mapa batean biltzea. Datozen urteetarako Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa prest dago jarraitzeko mapa eta informazio hau osatzen, baita tradizio hau indartzeko hemen dauden beste taldeekin batera ere.”
Orkatz Arbelaitz, Soinueneako ordezkariak aipatu zuenez “Aitzakia ona da herritarren arteko harremanak giro alaian sendotzeko. Elkartzen diren guztien artean kantari eta makilak astinduz partekatzen duten esperientzia kontsumo hutsera mugatzen ez den festa alaia da; zenbaitetan, eguraldiaren arabera, epikoa ere izan daitekeena.”
Xabier Mendizabal, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko presidenteak azpimarratu zuen, “Gipuzkoako eta Euskal Herriko dantza taldeok, dantzak zabaltzeaz gain, betidanik gure ohiturak eta folklorea bultzatu egin dugula. Hauen artean, herri ezberdinetako kultur taldeekin batera, hainbat herri ekintza burutu ditugu. Hauen artean, Santa Ageda bezperako koplak. Non gure dantza taldeen eta dantzarien parte-hartzea beti zabala izan da”.
Mª Jose Gaztelumendi, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Gipuzkoako ordezkariak esan zuenez “Txistulari Elkartean interesa piztu duen gaia izan da Agate Deunaren tradizioarena, esaterako: Artikuluak behin baino gehiagotan idatzi izan dira Txistulari aldizkarian, lehena 1933an Jose Ariztimuño Aitzol zenak berak idatzitakoa. Koplen musikaren txisturako harmonizazioa ere argitaratu zen 1957ko 12 zenbakidun Txistulari aldizkarian; Luis Urteagaren partitura hain zuzen ere. Aurten abiatu den orain aurkezten ari den jarduera honekin aukera polita dugu txistulariok ere elkarlan honetan parte hartuz gure musika, gure kultura eta euskara bultzatzen laguntzeko”.
Eta azkenik Gertu Kulturako kidea den Amaia Salaberriak “ekimen honekin bat egiten dugu Gipuzkoako kultura-ondare immaterialari balioa emateko eta gizarte-aniztasuna ulertuz egingo dugu” esan zuen.