Gaur goizean, 11:00etan Donostiako Elkar aretoan aurkeztuko du Juan Mari Beltranek, Soinu-Tresnak Euskal Herri musikan 1985-2010 cd-dvd-a eta liburuxka. Orain dela 20 urte kaleratutako lana guztiz berrituta aurkeztuko du orain.
Bertan, Euskal Herrian bizirik dirauten soinu-tresnak aurkezten dira, jatorrizko jotzaileen eskutik. 1980eko hamarkadan proiektu hau aurkeztean, helburua izan zen Euskal Herriko berezko musikan, gure garaira arte erabilitako soinu-tresnen aurkezpena egitea, eta soinu-tresna horietako bakoitzaren ezaugarri, funtzio eta aldaeren azalpenak ematea. Datuak eguneratuta eta lana bera berrituta, eskuragarri izango da gaurtik aurrera.