Danboligenak Bilbora iritsiko dira

Hemen dira berriro ere Danboligenak. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatuta Txistulari Gazteen topaketa egingo dute Bizkaiko hiriburuan urriaren 26 eta 27an.

Urtarrilean Azkoitian izan baziren, oraingoan, Danboligenak, Bilbon elkartuko dira. Txistulari Gazteen Topaketa hauek Euskal Herriko Txistulari Elkartearen ekimenez jarri ziren martxan urte hasieran. Proiektua aurkezterakoan, ibilbide luzekoa izateko nahia agertu zuten antolatzaileek eta hainbat geltoki izango zirela aurreratu zuten. Bilbokoaren ostean abenduan Gipuzkoan izango dela ere aurreratu dute, gehiago zehaztu gabe.

Azkoitia, Azpeitia, Bilbo, Hernani, Lapurdi, Lesaka eta Trapagarango txistulariek parte hartuko dute topaketa hauetan. Antolatzaile lanetan Bilbao Musika izan da EHTEren ondoan.

Egitaraua

Urriak 26, larunbata
10:00 Plaza Barria: Elkartzea
11:00 Nafarren Etxean: Ikastaroa Aiko taldearen eskutik: plaza dantzak
txistularientzat
13:00 Txistulari gazteak kalez kale
14:30 Nafarren Etxean: Bazkaria
17:00 Nafarren Etxean: Ikastaroa: inprobisaziorako hastapenak
19:30 Merkatu plazan: Dantzaldia Aiko taldearekin
22:00 Nafarren Etxean: Afaria
Urriak 27, igandea
9:00 Gosaria
10:00 Zazpi kaleetan: Goiz eresia
12:00 Agurra (amaiera)

Aurreko edizioko argazkiak eta bideoak ikusgai dira gure webean.