EHTEk 1936ko gerraren aurretik publikatu zituen Txistulari aldizkariaren 10 aleak gure webean eskuragarri jarri ostean, garai horri dagozkion gainerako 21 aleak digitalizatu ditugu. Ondare hori eskuragarri jarriko dugu pixkanaka gure web gunean. Oraingoan hamalaugarren alea dakargu hona.
Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927an jaio zen. Txistulari aldizkaria, berriz 1928ko martxoa-apirilekoa du lehenengo zenbakia. Aldizkaria gerrarekin bere jarduna eten eta berrabiatzerakoan hutsetik hasi zen, horregatik bi garai bereizten ditugu: gerra-aurrekoa eta ostekoa. Oraingoan, garai horretako 14. alea dakargu hona.
Gerra aurreko lehenengo ale guztiak digitalizatu ditugu, eta pixkanaka webean, bazkideen esku jarri ditugu, orotara 31 ale.
Hamalaugarren zenbakia
1930eko martxoa-ekainari dagokion alea da Txistulari aldizkariko 14. zenbakia. Agerkaria deialdi batekin hasten da: bazkideak Eusko Ikaskuntzako 5. kongresura eta EHTEren urteko Batzar Orokorrera joan daitezen. Ekitaldiok Bergaran izango ziren, irailaren 8an.
Adolfo de Larrañagaren kritika dator ondoren, Guridiren Amaya operaren emanaldi bat aztertuz. Donostian izandako Txistulari Lehiaketaren inguruko kronika dator ondoren, argazkiz jantzia. Añorgako Txistu banda eta Gipuzkoako Mikeleten bandak eskuratu zuten lehen eta bigarren saria, hurrenez hurren, B kategoriari dagokionez. A sailean berriz, Errenteriako Txistu banda izan zen garaile. Haur txistu banden sailean Bergara, Zestoa eta Durangokoak lortu zuten lehen hiru postuak.
Juan Ignazio Urangak sinatzen du hurrengo artikulua: Xoxua Txixtulari izenburupean. Jarraian dantza, bertsolariei eta euskal kantuari artikulu bana eskaintzen dizkio aldizkariak.
Literaturarekin bukatzeko, bazkide berrien zerrenda, Cabos sueltos sailean berri laburrak eta Aguraingo erromeria eta jaien inguruko artikulua jasotzen du zenbaki honek.
Musika atala
Ale honetan obra hauek argitaratzen dira: Minueto Jose Uruñuelak sinatua, Arin-Arin eta Biribilketa Luis Aranburuk harmonizatuak, Iñauteri-Soñua Isido Ansorenak moldatua eta azkenik, Luis Urteagak moldatutako Zortziko.
Benetako altxorra, datu interesgarriz eta bitxikeriaz betea, bazkide guztien eskura pdf formatuan deskargatzeko aukerarekin. Benetako oparia.
Aldizkaria ikusteko klikatu hemen (soilik erregistratutako bazkideentzat eskura).
Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.
Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.
Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era