Txisturako konposizioak sustatzeko lehiaketa

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatzen duen Txisturako Konposizio Lehiaketaren edizio berrian parte hartu nahi dutenek irailaren 30era arte dute dokumentazioa bidaltzeko.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, txisturako zein bere familia instrumentuentzako obra berrien sorkuntza sustatzeko asmotan, 2025eko EHTE Txisturako Konposizio Lehiaketa antolatu du.

Adin eta herrialde guztietako konpositoreek parte har dezakete lehiaketan. Hiru izango dira konpositore aukeratuak. Aukeraturiko konpositoreek Euskal Herriko Txistulari Elkartearen izenean obra berri bat idazteko enkargua jasoko dute ondorengo baldintzetan:

  • 2.000€ko enkargu bat epaimahaiak proposaturiko talde txiki baterako obra bat idazteko (gehienez 6 musikariko taldea, barnean gutxienez txistulari bat duelarik).
  • 1.500€ko enkargu bat epaimahaiak proposaturiko talde txiki baterako obra bat idazteko (gehienez 4 musikariko taldea, barnean gutxienez txistulari bat duelarik).
  • 1.500€ko enkargu bat Trio Zukan hirukotearentzat obra bat idazteko (txistulari bat, akordeoia eta perkusiorako). Enkargu hau Trio Zukanek babestua dago.

Egile bakoitzak proposamen bakarra aurkez dezake konposiziolehiaketa@txistulari.eus helbidera irailaren 30aren aurretik. Aukeratutako konpositoreek 2026ko irailaren 30a baino lehen pieza berri bat idatzi eta emateko konpromisoa hartu beharko dute.

Interesdunek oinarrietan zehaztasun gehiago topatuko dituzte.