Datorren maiatzaren 24an ospatuko da Portugaleteko XI. Txistulari Eguna ospatuko da. Antolatzaileek txistua Portugaleteko kaleetan entzutea eta Portugaleteko Udalaren Txistulari Banda berriro sortzeko eskaerari indarra ematea dute helburu.
Portugaleteko Txistu Zaleak elkarteak antolatu du XI. Txistulari Eguna Portugaleteko udalaren babesarekin eta Adarburu taberna eta Merkatuaren laguntzarekin. Eskutiz baten bidez Euskal Herriko txistulari guztiak gonbidatu dituzte egun horretan parte hartzera eta Portugaletera joatea erabakitzen duten txistulariei maiatzaren 20aren aurretik antolatzaileei esateko eskatu dute. Txistulari Egunaren aurretik, maiatzaren 22an, entsegu orokorra egingo dute eta horretara ere gonbidatu dituzte parte hartu nahi duten txistulariak.
Oharretan alkandora zuria eta galtza edo soineko iluna jaztea eskatu dute. Soinu-tresnei dagokienez, txistuak FA naturalean eta silboteak SI bemolean eskatu dituzte.
Txistulari Eguna goizeko hamarrak laurden gutxiagotan hasiko da txistularien elkarretaratzearekin. Lau taldetan banatuko dira txistulariak hainbeste leku ezberdinetatik (San Roke metro geltokia, Errepelegako Ikusgarri Dantza Taldearen egoitza, Abatxolo metro geltokiaren ahoa, Musika eskola) aldi berean dianak abiatzeko; hamarretan abiatuko dira. Hamaiketakoa egitera Adarburu tabernan elkartuko dira, hamaiketan. Hamabietan kalejiran joango dira hamabi eta erdietan kontzertua emango duten lekura, La Canilla enparantza. Kontzertua bukatu ondoren, ordu bata eta erdia aldera, kalejiran joango dira bazkaltzera. Bazkaria Merkatuan izango da ordu bi eta erdietan. Eguna osatzeko, seiak eta erdietan dantza saio irekia izango da Merkatuan.

Partiturak sarean partekatu dituzte; hemendik har daitezke.