Donostiako Udaletxean izan zen emanaldian jasotako irudiak Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Youtubeko kanalean partekatu dira.
EHTE Txisturako Konposizio Lehiaketako sarien irabazleen izenak ezagutzera emateko gala Donostiako Udaletxean ospatu zen joan den azaroaren 19an. Sarituak Luis Quintana (Puerto Rico), María Pérez Díez (Espainia) eta Luis Alberto Tenaglia (Argentina) izan ziren, Ulrike Mayer-Spohn (Alemania-Suitza) konpositoreak epai-mahaiaren aipamen berezia jaso zuelarik.
Gala kontzertuan Alazne Quintanilla (biolina), Aritz Labrador (txistua, zuzendaria A dark wind from the desserter waters piezan), Gorka Catediano (perkusioa), Jagoba Astiazaran (txistua), Jon Ansorena (txistua, silbotea), Leire Retegi (txistua, silbotea), Maria Zubimendi (akordeoia), Pedro Ribeiro (biolontxeloa), Sergio Barranco (klarinetea), Trio ZUKAN taldea eta Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak jo zuten.
Egitaraua Ixiltasunean (Alex Iribar), Inter Play (Elvira Garifzyanova), A dark wind from the desserter waters (Andrea Mattevi), Itsasora mezu bat (Pello Ramirez) eta Lau dantza berri (Jose Ignazio Ansorena Miner) piezek osatu zuten.