‘Bazkideen sorkuntza’ atal berriaren zenbait xehetasun

Orain dela aste gutxi aurreratu genuen bezala, aste honetan igo ditugu web orrira bazkideek bidalitako lehenengo lau partiturak.

Bazkideek Euskal Herriko Txistulari Elkartean beraien partiturak zabaltzeko aukera bakarra aldizkariak eskaintzen zuen musika idatziaren atala izan da orain arte. Horrek lan asko kanpoan uztea zekarren; leku faltagatik eta horri lotuta maila onenekoak lehenesten zirelako.

Web orriak malgutasun handiagoarekin jokatzeko aukera ematen du eta bazkideei zuzendutako atalaren barruan Bazkideen sorkuntza izenekoa sortu dugu Partiturak azpiatalean. Euskal Herriko Txistulari Elkarteko beste bazkideekin beraiek txisturako asmatu dituzten piezak partekatzeko aukera eskaintzen zaie horrela elkarteko bazkideei.

Web orrian partitura partekatu nahi dutenek, beraien lana bidaltzearekin batera segidan gehitu dugun inprimakia behar bezala bete eta sinatuta bidali behar dute. Inprimaki horretan piezaren inguruko xehetasunak eskatzearekin batera bidaltzen duenak sortua dela ziurtatu eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteari argitaratzeko baimena ematea eskatzen da. Dena PDF-tan bidaliko bada, inprimakiak digitalki sinatuta egon beharko du (ziurtagiri digital batekin). Ziurtagiri digitalik ez duenak, paperean inprimatu, eskuz sinatu eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Errenteriako egoitzara bidali beharko du.