Laster emango dira jakitera Txisturako Konposizio Lehiaketako irabazleak

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Eresbilekin elkarlanean antolatutako Txisturako Konposizio Lehiaketa azken fasean sartu da. Azaroaren 2an obrak aurkezteko epea itxi zen eta orain epaimahaiaren txanda iritsi da. Ramon Lazkanok, Zuriñe Fernandez Gerenabarrenak eta Jagoba Astiazaranek jasotako musikalanak aztertzeari ekin diote eta laster jakingo dugu ebazpena.

Azken fasera pasatu da Txisturako Konposizio Lehiaketako 2019ko edizioa. Behin obrak jasota, lanean hasi berri da epaimahaia. Berauren buru Ramon Lazkano konpositore ezaguna da. Berarekin batera lanean dihardute Zuriñe Fernandez Gerenabarrena konpositoreak eta Jagoba Astiazaran konpositore, txistulari eta Txistulari aldizkariko zuzendariak. Musika lanak ondo aztertu ostean sarituak zeintzu diren jakitera emango dute.

Sariak

Hiru sari dira jokoan. Lehenak 2.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak, 1.000€. Sari berezia emango zaio txistu banda tradizionalerako idatziko obrarik onenari, 500€ko diru sariarekin. Aurkeztutako obrek edozein musika tresna talderako idatzita egon zitezkeen, bi baldintzarekin: txistuaren familiako tresna bat behintzat jasotzea eta, gehienez,  sei musikatresnako taldea osatzea. Iraupenari dagokionez, gehienez 10 minutuko lanak izan zitezkeen. Lan sarituak Txistulari aldizkarian argitaratuko dira, baita sarituak ez izan arren, epaimahaiak argitaratzeko interesekoak deritzenak.

Aurreko edizioak

2018ko lehiaketan Francisco Domínguez Robles gailendu zen Actually not! obrarekin. Bigarren saria, Vienara joan zen, Otto Wankek eskuratu baitzuen Aer izeneko lanarekin.

2017ko edizioan lehen saria emateke uztea erabaki zuen epaimahaiak. Bigarrena Urtzi Iraizozen eskutara joan zen Uztail obrarekin.Hirugarren saria, berriz, Luis Elizaldek eskuratu zuen Passacaglia eta fuga-rekin. Obra hauek Txistulari 252 aldizkarian argitaratu ziren.