Atzo, irailaren 18a, Urrezko Zeledon garaikurren banaketa egin zen Gasteizen. Ekitaldian, txistu eta musika bandarako bi obra estreinatu ziren, albiste honetan aurreratu genuen bezala. Gorka Hermosilla txistulari eta EHTEko Arabako ordezkariak, honako artikulua igorri digu kontzertuaren inguruan.
Atzo arratsaldean, Gasteizen urtero ospatu ohi den moduan, 2018eko Urrezko Celedon-ak banatu ziren, oraingo honetan Joselu Anaiak plaza taldeari eta Jesus Moraza txistulariari eman zitzaizkielarik. Udal Musika Bandaren musika ere izan genuen ekitaldian, Hilario Extremianaren zuzendaritzapean eta Garikoitz Mendizabal txistulariaren esku-hartzeekin batera.
Hamaika emozioz jositako sari banaketa izan zen atzokoa. Omendutakoek negarraren amildegira begira egindako hitzaldi ederrak bota zituzten, publikoak ulertu eta errekonozimenduz txalotu zituen musikaren inguruko hitzaldiok.
Garikoitz Mendizabal, betiko moduan eta bere estilo partikularrarekin, bertan ginenon gozamenerako, txistu eta danbolin erakustaldi birtuoso eta lotsagabea aurkeztu zuen, beti bezala disfrutarazi eta ondo pasaerazi egin ziguna. Hori izan zen hain zuzen ere bertaratu ginenen inpresioa, Suitzako erlojuak bezain zehatza eta zoragarri ibilitako banda alde batetik eta bestetik, bihurri eta dibertigarria izan zen txistua, umeek egiten duten moduan gozarazi eta denboran garraiatu gintuena.
¡Bai jauna!! Atzokoan Garikoitz jaunak txistua medio eta musikaren isurian murgilduz, Jesús Moraza txistularia omendu zuen eta ez zegoen ez atzokoa baino modurik egokiagoa hori egiteko. Zorionak Udal Musika Bandari eta Garikoitzi! Baina batez ere, zorionak Moraza! eta zorionak Joselu Anaiak!