Iñaki Palacios txistularia, Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurena aktore, harrijasotzaile eta bertsolariak bat egin dute Harria proiektuan. Diskoa eta ikuskizuna argitara aterako dituzte hurrengo astean bertan.
Egitasmo berriarekin datoz Mulixka dantza taldea eta Iñaki Palacios musikaria. Oraingoan harria hartu dute abiapuntu sorkuntzarako eta bide hortan gidari ezin hobea topatu dute: Iñaki Perurena. Harrijasotzaile leitzarra eskultore, aktore eta bertsolari ere bada, oraingoan, narratzaile papera hartuko du.
Elkarlanean landutako ekimen berri honek bi fruitu jarriko ditu eskura: diskoa eta ikuskizuna.
Diskoa
Palaciosek 10 doinu sortu ditu disko berrirako. Baga-Biga diskoetxearekin argitaratu eta datorren astean bertan Harria izenburupean izango da kalean. Diskoak aurreko Lurra ardoa dantza lanaren ildoa jarraitzen du, bere ohiko musikarien parte hartzearekin ondu duelarik. Txistuarekin batera, ez dira faltako trikitixa, kitarrak, baxua eta bateria, baina, oraingoan, protagonismo berezia hartuko du harrizko txalapartak.
Aurreko lanarekin alderatuta izango da bestelako berritasunik, adibidez, Iñaki Perurenak zenbait bertso grabatu ditu diskorako.
Ikuskizuna
Dantza, zuzeneko musika eta narrazioa izango ditu osagai ikuskizun berriak. Josu Sanchez dantzariak, harria inspirazio iturri harturik, koreografiak osatu ditu euskal dantzatik abiatuta. Dantzarien jardunean harriaren langintza eta harriarekin egiten diren kirolen zertzeladak ikusiko ditu ikusleak.
Ikuskizunaren gidari arituko da Iñaki Perurena bere narrazio, bertso eta esperientziak partekatuz. Harriaren munduan murgiltzeko, nor hoberik?
Ikuskizunaren estreinaldia irailaren 14an izango da Gasteizko Foru plazan 21:30ean.