Euskal Herriko Txistulari Elkarteak omena egingo dio Iñaki Letamendia Loinaz txistulariari, maiatzaren 11n Tolosan. Ekitaldian, elkarteak zilarrezko domina ezarriko dio. Jarraian, Iñaki Eguren Etxabeguren lehendakariak sinatutako artikulua eta ekitaldiaren zehaztasunak dituzue.
Iñaki Letamendia Loinaz (Ormaiztegi, 1953) ezagun askoa da Tolosaldean eta Euskal Herriko txistularion artean. Jaioterrian bertan Pascual Larrañagarekin txistua jotzen ikasten hasia, Tolosara etorrita Miguel Martínez de Lecea maisuarekin jarraitu zituen txistu ikasketak, eta 15 urte zituenerako hasia zen Tolosako Udal Txistulari Bandarekin jotzen. Iruñeko sanferminetara txistulari tolosarrekin jotzera lehenbiziko joan zenean berriz, ez zituen 16 urte besterik. 1970.etik txistulari banda horretako partaide, handik bi urtera hautaprobak gainditu eta bandaren zuzendari bihurtu zen; baita egun Eduardo Mokoroa udal musika eskola deneko txistu irakasle ere.
Geroztik 50 urte luzez, Tolosako txistularien zuzendari eta irakasle, bailarako herrietan ere lan handia egindakoa da (Ibarra, Belauntza, Berrobi, Elduaien, Berastegi, Irura, Villabona, Asteasu, Orendain, Amezketa, Zestoan nahiz Aretxabaletan), eta batzuekin zein besterekin, Euskal Herrian nahiz atzerrian, txistuaren eta Tolosaren sona zabaltzen asko ibilitakoa, Iruñeko urteroko zitari huts egin gabe.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak zinez eskertu nahi dio egindako lan hori guztia, eta hain ibilbide oparoa egin eta egiten jarraituko duelakoan, poz eta atsegin handiz eskaintzen dio elkartearen zilarrezko domina.
Gonbidatuta zaudete, beraz, Iñakik merezi duen eskerra emateko festara, maiatzaren 11an, Tolosan. Nola ez.
Egitaraua
10:00 Harizpe jubilatuen etxean, Emeterio Arrese kalea 2, elkartzea
10:15 Zezen plazatik, kalejira Iñaki Letamendia jasotzera
11:00 Harizpen hamaiketakoa
12:00 Tolosako udaletxeko areto nagusian zilarrezko domina eskaintzeko ekitaldia
Ondoren, Plaza Zaharrean txistularien kontzertua
14:30 Harizpen bazkaria
Kontzertuko programa
•Aupa Tolosa! J.I. Ansorena
•Xaxu konfiterua (zortzikoa) J.I. Ansorena
•Lexearena (habanera) Ezezaguna (mold.: J.I. Ansorena)
•Erraldoien bila J.I. Ansorena
•Baserritarra (fandangoa) I. Ansorena
•Prantxiska-Martiña (arin-arina) I. Ansorena
•Uzturre I. Letamendia
•Agur, Jaunak! Herrikoia
Oharrak
Jardunaldi osoan fa naturaleko txistuak eta si bemoleko silboteak erabiliko dira. Hiru ahotsetara joko denez, parte hartzaileei ahotsak orekatzeko ahalegina egitea eskatzen zai. Janzkera aldetik, aukera nor bere esku uzten du antolakuntzak. Partiturak laster zabalduko dira e-mailez eta webean, bazkideen txokoan.
Parte hartzeko izena eman beharra dago maiatzak 2a baino lehenago 943 52 86 13 telefonora deituz edo txistulari@txistulari.eus helbidera idatziz. Bazkarian izateko 30€ sartu beharko dira elkarteko kontuan, ohi legez izen abizenak adieraziz, maiatzaren 2a baino arinago.