Argazkia: 1991ean Izurtzan ospatutako edizioa, Alejandro Aldekoa zuzendari. Durango.com
64. urtez ospatuko dute Durangaldeko Txistularien Eguna martxoaren 23 eta 24an Elorrion. Juan Antonio Aromak liburua aurkeztuko du, Araba Txistu Bandak ganbara kontzertua eskainiko du eta Jaizale txistu taldeak, berriz, ondoan izango ditu abeslari eta metal boskotea bere emanaldian.
Elorrion (Bizkaia) izango da aurtengo Durangaldeko Txistularien Eguna. Festak 64 urte beteko ditu eta Jaizale txistu taldeak martxoaren 23 eta 24rako egitaraua prestatu du. Juan Antonio Aroma txistulari eta idazleak berriz, ospakizunaren 60 urteko historia bildu du liburu batean.
Liburua
Durangaldeko Txistularien Eguna martxoaren 23an abiatuko da arratsaldeko 7etan Arriola Kultur Aretoko ateneoan. Bertan aurkeztuko dute Jaizaleak taldeko kideek argitaratu berri duten liburua: Txistu hotsak durangaldean. Durangaldeko txistularien eguna (1956-2015). Egilea Juan Antonio Aroma txistulari eta idazlea izan da eta berak aurkeztuko du lana Elorrioko ekitaldian.
Ondoren, Araba Txistu Bandak kontzertua eskainiko du leku berean. Jose Luis Cantabrana Murgiarrak zuzentzen duen taldeak Aranburu, Ekiza, Bastida eta Olaizola maisuen obrak emango ditu bere emanaldian. Talde arabarra bere perkusio jole berria aurkeztuko du Elorrion: Gorka Saez de Ibarra.
Martxoaren 24an, ospakizuna borobiltzeko, Jaizale Durangaldeko Txistulariak taldeak kontzertu handia emango du Elorrioko plazan. Hitzordua ordu batetan izango da eta txistulariek ondoan izango dituzte Berriotxoa abesbatza eta metal boskotea. Aurrez, herria girotzeko kalejira egingo dute, goizeko 10etan.