254.a eskura

Hauxe da gure Txistulari aldizkariaren ale berria, 254.a. Gaurtik aurrera bazkideen eskura txistulari.eus web gunean eta laster, inprentatik etxeetara helduko dena.

Aste hasieran inprentan sartu zen Txistulari aldizkariaren 254. zenbakia. Etxean jaso aurretik, web gunean kontsultatu eta deskaragatzeko aukera dute gure bazkideek gaurtik. Ale berria 2018ko apirila, maiatza eta ekainari dagokiona da. 80 orrialdek osatzen duten argitalpenean, Jose Ignazioren zazpi obra eta Eusebio Basurkoren bat biltzen ditugu, Bilduma erraza talde tradizionalean jotzeko izenburupean Ansorena berak aurkezten dituelarik Ale honetako musikari buruz atalean.

Elkarrizketan Juan José Ferro Mugica izan dugu protagonista. Kardiologoa, txistulari eta antiguotarra, Solasaldi atseginean lotu ginen berarekin. Interesgarria oso.

Alfonso Iturriak berriz, artikulu mamitsuarekin datorkigu Dinámica y afinación en el txistu. Gai potoloari alde praktikotik heltzen dio, hainbat aholku eta teknika proposatuz.

Jose Ignazio Ansorenak hiru artikulu dakartza gurera: Luis Udakiola gogoan idatzitakoa; Jose Manuel eta Ignacio Ansorena nortzuk ziren argituko diguna eta azkenik, izenburu iradokitzailea duen istorio baten kontakizuna: Txanponak ugaltzen zituen dantzaria.

50. urte bete ditu Zeanuriko Txistulari Taldeak, eta noski horrek Txokorik txoko atal bat eskatzen du. Liburua argitaratu dute eta kontzertu berezia eman ospakizunen baitan. Kontzertua ikusteko QR bat dakar artikuluak eta Gontzal Mendibil idatzitako aintzin solasa.

Ohiko atalak ere ez dira falta. Zutabea Leire Retegik baliatu du, bere bizipen arras interesgarriak kontatzeko. Xiri pasa Roberto Álvarezen esku egonik, txistu banda eta big band bat uztartzen dituen proiektua aurkezteko probestu du gasteiztarrak. Disko polis-era berriz, bizkaitar bat etorri zaigu, Transhumantzia eginik Iban Ibarretxe.

Horrez gain, Jasone Akizuk misterioz beteriko artikulua eta Jagoba Astiazaranek Hormatxulotik atala osatu dute. Ezin falta Saski Naski atala Portugaleteko Txistu Egunarekin, Xabier Olazabal eta Aitor Alavaren artikuluekin, Iñaki Egurenen kronika, argazkiak, irudi bitxiak…

Arlo instituzionaletik, EHTEko Estatutuak eta Batzar Orokorrerako Deialdia argitaratzen dira.

Hau guztia, Iñaki R artistak sortutako azal eder eta zirikatzailean bildurik: odola, lurra eta familia, Urduñako Landaluze anaiak protagonista.

Txistulari 254 hemen duzue eskura  (deskargatzeko aukera soilik erregistratutako bazkideentzat).


Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.

Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.

Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era.