Argazkia: Lizarrako Julian Romano Musika Eskola
Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak Nafarroako Gobernuari txistuaren irakaskuntza, 2019-20 ikasturtetik aurrera, sei musika eskola berritara, diruz lagunduta, zabaltzea eskatu dio.
Hezkuntza Batzordean onartutako ebazpen baten bidez, legebiltzarrak Nafar Gobernuari eskatu dio txistuaren irakaskuntzaren eskaintza beste sei musika eskoletan ezartzea, hain zuzen ere Lizarra, Tutera, Zangoza, Andosilla, Zaraitzu eta Irunberrikoan. Zabalkunde hau diruz lagunduta eta tituludun irakasleak erabiliz egin behar dela zehaztu dute baita.
Proposamena babestu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta ekimenaren bultzatzaile izan den Podemos-Orain Bai taldeak. Kontrako boza berriz, PSN eta UPNk eman dute.
Onartutako eskaria, txistua Nafarroan hedatzeko bultzada berri bat da. Podemos-Orain Baik sustatu duen ebazpenak txistua “babes berezia eta sustapena” merezi dituela adierazten du, izan ere, musikatresna “Europako hiru zuloko flauten eremuan abanguardian kokatzen da” eta gainera, “Nafarroako kultur ondasunaren parte da Erdi Arotik, presente egonik mota ezberdineko ekitaldi, eskenatoki eta girotan, erakutsiaz horrela, gizartean zein sustraitua dagoen eta zer nolako izaera poliedrikoa duen”.
Hori guztiagatik, eta ekarpena egin nahirik musikatresna bizirik jarrai dezan “zeharo ezberdinak diren protokolo edo musika sinfonikoa bezalako eremuetan”, bere ezagupena sustatzea bultzatu nahi da, horretarako tituludun irakasleak baliatuz.