2018ko udan zendu zen Ramon Garaizar txistularia omenduko dute Bermeoko Udal Musika Eskolak antolatutako In Memoriam kontzertu bereziarekin. Emanaldia otsailaren 26an izango da 19:30ean, Santa Eufemia elizan.
Bermeoko Udalaren Musika eskolako zuzendari Esti Arrizabalagak, gogoan du nola 2018ko uda hasieran, “bat-batean bizitzari agur esan eta joan zitzaigun” Ramon Garaizar txistularia. Musika-eskolako ikaslea izan zen, 14 urte ibili zen txistu eta silbote jotzaile gisa eta, horrez gain, Kankinkabara txistu taldeko sortzaileetariko bat izan zen, taldeko partaide izateaz gain. “Herri ekimenetan lan oparoa egin du Ramonek, antolatzaile, bultzatzaile eta laguntzaile moduan”, gaineratu du Arrizabalagak.
Musika eskolako ikasle eta irakasleek omena egingo diote euren lagun eta kideari Ramon Garaizar In Memorian kontzertu berezia eskaini otsailaren 26an. Kontzertuan omenduari eskainitako hiru obra estreinatuko dira: Jon Ibarraren Izar argia eta Legoie kalejira eta Maria Colinok sortutako Joan eta gero. Santa Eufemia elizan 19:30etan hasiko den emanaldian musikari ugarik esku hartuko dute: musika eskolako haize taldeak; soka, flauta eta gitarra taldeak; albokalariak; konboa, abesbatz txikia; eta Arrekatxutxa eta Kankinkabara txistu taldeak.
Kontzertu berezia eta hunkigarria izango da.