2018ko urriaren 6an Zugarramurdiko leizean emateko sortu izan zen Hego haizeak, ipar doinuak ikusgarria berriro ere taularatuko du Donostiako Udal Txistu Taldeak dantzariz, abesbatzez eta abeslariz lagunduta. Hitzordua Doneztebeko pilotalekuan izango da otsailaren 16an.
Erreka Dantza Taldea, Mendi eta Mendi Ttiki abesbatza, Pauline & Juliette, Jon Itçaina eta Guy Saldubehere abeslariak ondoan izango ditu Donostiako Udal Txistulari taldeak, berriro Hego haizeak, ipar doinuak ikuskizuna oholtzara eramateko. Hitzordua Doneztebeko (Nafarroa) frontoian izango da otsailaren 16an. Ikuskizuna emango den bigarren aldia izango da, jatorrian Zugarramurdiko leizean emateko sortu baitzen, urriaren 6an taularatu zelarik. Doneztebeko emanaldia 19:30ean hasiko da eta sarrerak 6€ko prezioa izango du.
Txistu, kantu eta dantza garaikideak uztartzen dituen ikusgarria da Hego haizeak, ipar doinuak. Zugarramurdiko emanaldia ikusgai dago, helbide honetan.