Txistua eta organoa eskutik, hitzez eta musikaz

Argazkiak: Soinuenea.eus

Oiartzungo Organozaleek solasaldia eta kontzertua antolatu dute urtarrilak 27rako organoa eta txistua uztartuz. Peio Irigoien txistuan eta Ignazio Arakistain izango dira jotzaile.

Hitzordu berezia jarri dute Oiartzungo Organozaleek urtarrilaren 27an Oiartzungo (Gipuzkoa) San Estebe parrokian. Zita 17:15ean izango da, lehenbizi 45 minutuko iraupena izango duen solasaldiarekin eta ondoren txistu eta organo kontzertuarekin. Jotzaile Peio Irigoien txistulari irundarra eta Ignazio Arakistain organo jole azpeitiarra izango dira. Aukera berezia eskainiko dute gainera, bertaratzen diren lehen 25 ikus entzuleek kontzertua elizako koruan gozatuko baitute. Gainerakoek aldarean izango den pantailatik jarraitu beharko dute.

Egitaraua

Tomas Araguesen Euskal Suite obrarekin hasiko da kontzertua. L. Vierneren 24 Pièces en style libre Op. 31 organorako obrako bi pieza joko ditu Arakistainek ondoren. Bikote moduan, F. Martinen Sonata da chies, G.Cuestaren Le sommiel de l’ange eta azkenik Dyptique N. Hakimen obra.

Ignazio Arakistain

Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondoren, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Duela urte bete, saritua izan zen Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketan, tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioren aipamen berezia jaso zuen. Gaur egun, Musikenen, Esteban Landart, Loreto Fdz. Imaz edo Loïc Mallié maisuekin organoko goi mailako ikasketak egiten dihardu. Aurten, gainera, bere pianoko goi mailako ikasketak hasi ditu Musikenen, baita ere, Miguel Ituarte maisuaren gidaritzapean.

Peio Irigoien

Irunen jaio zen 1992an, bertako musika eskolan tronpeta eta txistu ikasketak hasi zituelarik Miguel Echepare eta Ion Irazokirekin, hurrenen hurren. Tronpeta ikasketak bertan jarraitu bazituen ere, txistu ikasketak Donostiako Musika Eskolan sakondu zituen, Aitor Arozenaren gidaritzapean. Gaur egun Musikenen txistu ikasketak egiten darrai, Aitor Amilibia maisuarekin. Arlo akademikotik at esperientzia duen musikaria da. Inguruko zein atzerriko talde, pop-rock banda, koru eta dantza taldeekin aritu da. Bakarlari lanetan hainbat emanaldi eskaini ditu, haien artean Irun Hiria Musika Bandarekin, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin edota Hondarribiko Txistulari Bandarekin. Irun Hiria Musika Bandako tronpetista izanik, Kemen Dantza Taldeko musikarien ardura eta Irungo Txistulari Bandaren zuzendaritza lanak uztartzen ditu gaur egun. Azken ikasturteetan Oiartzungo Soinuenean txistu irakaslea ere bada.