Bilboko Udal Txistu Bandak Euskalduna Jauregiko kontzertuen denboraldia aurkeztu du. Abendutik martxora bitarte 7 emanaldi izango dira aukeran, estilo eta formato ezberdinekoak.
Euskalduna Jauregian izango dira Bilboko Udal txistulariak, hainbat kontzertu eskaintzen, urtero ohi dutenez. Oraingoan, abendu eta martxoa bitarteko emanaldiak jakitera eman dituzte. Formato, estilo eta gonbidatuak askotarikoak izango dira, guztiak ere dohaineko sarrera izango dute.
Emanaldiz emanaldi
Musika eta dantza ikuskizuna taularatuko dute Oinkari dantza taldeak eta Bilboko Udal Txistu bandako kideek, abenduaren 4an. Ondoren, gabonetako kontzertuaren txanda izango da, abenduak 19an, Bilbao Musikako Ahotsak abesbatzarekin eta Toti Martinez de Lezea idazlearen partehartzearekin.
Urtea hasteko, Suakai talde nafarra gonbidatu dute, antzerkia eta musika nahasten dituen Raices-Sustraiak ikuskizuna eskaintzeko, urtarrilaren 9an. Ikuskizun honen inguruan informazio gehiago duzue albiste honetan eskura. Urtarrilak 21ean, berriz, Bilboko Udal Txistu Banda formato tradizionalean aritu eta neurriko obrak joko ditu, besteak beste Ansorena, Aita Olazaran, Bastida eta Aranburu maisuen obrak.
Txistua eta jazzaren arteko uztarketa proposatuz igoko dira oholtzara otsailaren 13an. Horretarako Bilboko Udal txistulariek hainbat gonbidatu izango dituzte Eduardo Moreno klarinete jolea buru dutelarik Luis Gimenez kitarrarekin eta Kike Arza kontrabaxuan izango baitira. Hilabetea osatzeko, 26an Beti Jai Alai dantza taldeak ihauterien inguruko ikuskizuna ekarriko du Euskalduna Jauregira.
Denboraldia, martxoak 21ean agurtuko dute txistulariek kantaldi batekin, horretarako beraiekin batera Leire Berazaluze eta Kristina Aranzabe abeslariak, Mariano Santamaria piano jolea eta Javier Fernandez de Jauregi baxu jolea izango dituzte lagun.